Betazalik ez

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2021ko uzt. 17a, 10:00

Arg: Pixabay

"Etxeko bazter guztietara zabaldu da mugarik ez duen pantaila bidezko lana"

Remedios Zafraren Frágiles saiakera daukazu mesanotxean aspaldi honetan, esperoan. Egilea duela hilabete batzuk aipatu zenuen lagunarteko elkarrizketa batean eta hortik ez gehiegira oparitu egin zizuten. Oraindik ez diozu ekin irakurtzeari; izan ere, liburua oparitu dizun lagunari ez diozu esan nahi, filosofo andaluziarra gogoko duzun arren, beldurra ematen dizula haren azken liburuak.

Gainetik eman dizkiozu begirada batzuk eta, maiz egiten duzun moduan, ondoko irakurketa girotzeko kontrazala, egitura, aipuak nahiz orri solte batzuk irakurriak dituzu. Hortxe gelditu zara momentuan. Autodefentsa mekanismo moduko batek ohartarazi dizu oraintxe ez dela irakurtzeko une egokia, oso interesgarria izanagatik ere. Antsietateari eta esperantzari buruzko gutunak kultura berrian du bigarren izenburua Zafraren saiakerak.

Arestiko antsietateaz gainera, normalizatuak ditugun kontingentzia eta prekarietatea omen dira kultura berri horren osagai nagusi batzuk. Bai eta, soldatapeko beharrari dagokionez, lan finkoaren pribilegioa dugunean ere. Zu ere bazara kexatzen ez diren horietakoa, makurrago daudenen begirunez: nola esango duzu ezer bokaziozko langintza batean jardunda eta soldata duina izanda?

Egileari elkarrizketa batean irakurri diozunez, betazalik gabe gelditu gara pandemiak areagotutako digitalizazioan, begietarako babesik gabe. Pribatuaren eta publikoaren arteko lardaska lizunean, etxeko bazter guztietara zabaldu da mugarik ez duen pantaila bidezko lana. Komuneraino. Oheraino. Etxekideekiko harreman higaturaino. Testuinguru horretan oso zaila da hiperkonexioan ez aritzea eta, ondorioz, autoesplotazioan ez erortzea. Erresistentzia lan handiak eraiki behar dira nork bere burua zaintzeko, inertziazko dinamika kaltegarrietan ez jarduteko. Zafra ere joera hori zuzentzen ari omen da, azken hiru urteotan ikusmenean eta entzumenean galera nabarmenak izan ondotik.

Mesanotxean jarraitzen du Zafraren itxura ederreko liburuak. Zuri begira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago