"Topiko bat. Bizitza errazago egingo didan topiko bat". Halako bat estimatuko nuke, egiatan. Ideia ez da nirea, baina: hala dio, une jakin batean, Oier Guillanek idatzitako Arra arraroa antzeztua izateko edota publikoki irakurtzeko lanak. Pieza osoa da, Guillanen beste lan batzuen pare, erradikala, gogo-gorputza erruki handirik gabe astintzen duena. Dardarizoa, kasu honetan, bereziki sumatuko da irakurlea gizonezkoa bada; gizonontzat gomendatua, beraz.
"Topiko bat. Bizitza errazago egingo didan topiko bat". Halako bat, tarteka edota boladaka sikiera, alokatzeko prest nengoke. Zentzu literalean ari naiz: sakela urratuko nuke ongi aukeratutako topiko batek emango lidakeen bakearen nahiz egiaren trukean; sakela urratuko nuke beste zerbait ez urratzearen trukean. Eta, aitortuko dizuet, horretan hasia naiz pentsatzen; izan ere, asko eta asko entzuten dira bazterretan, sakoneko konbentzimenduaz adierazten direnak. Nik inbidiaz eta bekaitzez aditzen ditudanak.
"Topiko bat. Bizitza errazago egingo didan topiko bat". Beharbada, ALEAko plaza publikoan gaudela baliatuta, nolabaiteko lehiaketa antola genezake. Badakizue, irizpideen fase beti arantzatsua adostu eta gero, kuriosoa litzateke emaitza ikustea. Edota, lehiaren kutsua bazter utzita, topikoak trukatzeko foroa ere egin liteke: "aizan, hi, nik ‘politikari guztiak berdinak dira’ izenekoa aspalditik erabili izan dinat eta, egia esan, txukun samarra dun; funtzionala bezain borobila, eta momentuz zaharkitu gabea. Hi, ba, nik ere beste halako bat botako diat: ‘funtzionarioak putamadre bizi dituk’; hori ere galanta!".
"Topiko bat. Bizitza errazago egingo didan topiko bat". Entzundako eta ikusitako gauzak errepikatzetik sortzen dira topikoak. Omen. Amen. Aiten.