Arteak natura imitatzen duela adierazi zuen Aristotelesek. Kontzepzio horren arabera, naturak sortzen duen modu berean sortzeko ahalmena dugu gizakiok. Hortaz, idazle batek hizkuntzaren bidez sor dezake bizitzaren gaineko ikuspegi, emozio edo istorio bat. Halaber, hitzen jatorrizko testuinguruari (tekne-ari) erreparatuta, nekazari batek lurra lantzean ere imitatzen du natura. Pertsonok, naturaren pare, izaki sortzaileak gara, eta arteak zein teknikak garatzeko ahala dugu gure esku-gogoetan.
Arestiko mimesiaren bidezidorretan barrena, mundu digitalak mundu fisikoari orpoz orpo jarraitzen diola esango luke filosofo greziarrak: naturaren imitatzaileok geure esku-gogoekin jarduten dugu digitalki lanean, birtualki sortzen. Ordenagailuaz egina den errealitateak, maiz aski, txoratzen bagaitu ere, kopiaren kopiatzat hartua izan daiteke alde horretatik. Hartara, pantailetan islatzen diren harremanak, haien funtzio eta disfuntzio guztiekin, mundu fisikoko pertsonen artean gertatzen zirenen/direnen parekoak dira. Askotan gertatzen den moduan, beraz, funtsaren forma da kontu berria.
Sare sozialen aldeko nahiz kontrako jarrerak gorabehera, haien bidez adierazten direnak ez dira inondik ere berriak: ergelkeria kolektiborik ere bazegoen lehenago; elkartasun mamitsurik ere bazegoen lehenago; zarata molestagarririk ere bazegoen lehenago. Are gehiago: sare sozialik ere bazegoen lehenago. Eta, jakina, lerro hauek sinatzen dituen naturaren imitatzaile xume hau jaio baino lehenago ere bazegoen hori guztia (eta dezente gehiago).
Tximinokeriak ere ez dira bizi gaituen mende honetako esklusiba, ALEAko irakurle maitea; izan ere, batzuetan berniz teknologikoak begiak itsutu arren, zenbait forma ikasitako tximinoak gara funtsean. Tira, tximino errugabeak gure espezie eboluzionatuarekin ez nahasteko, tximinondoak. Naturaren jatorrizko bertsioa gero eta urrunago duten tximinondo digitalak.