Unibertsitatean, hezkuntza sistema guztian bezala, ikasturte ezin konplexuago bat bizitzen ari gara. Pandemiaren menpeko egoeraz eta egoeratik hainbat gogoeta egin daitezke. Bistan denez, elementu berriz jositako testuinguruan hainbat galera izan ditugu ikasturte hasieratik: pedagogikoak, akademikoak, sozialak, emozionalak... Alde horretatik, hitzetik hortzera entzundako egokitzapena bezalako terminoek ez lukete ezeren eufemismoa izan beharko.
Errealitateen konplexutasuna ukatzea demokraziaren –eta inteligentziaren– kontrako etsairik boteretsuenetako bat bihurtua zaigun honetan, egon da bestelako konturik ere. Zalantzarik ez dut, adibidez, nik inguruan ikusitako inplikazio maila handia, langileen (ez irakasleen aldetik soilik) nahiz ikasleen aldetik, berri on-ona dela. Era berean, azken aldiko eromen kolektiboak baliabideak bilatzera, sortzera edota partekatzera eraman gaitu, gure gaitasun pertsonalak eta profesionalak (kolpetik) handituz.
Nolanahi ere den, egoeraren gaineko balorazioa gorabehera, pandemiaren aurreko aje batzuk berdintsu agertu dira Hezkuntzako plaza ñabarrera. Horietako bat dira, esaterako, zorioneko makarroizko lepokoak: aurten Haur eta Lehen Hezkuntzako graduak egitea erabaki duten ikasle askok (eta askok) ere ingurukoen txistea entzun behar izan dute; irakasle ikasketak aukeratzeagatik, unibertsitatean halakoak egiten besterik ikasiko ez dutelakoan. Ezin beldurgarriagoa da ebidentzia tematia, pandemia aurretik zein bitartean: irakasle prestakuntzak –lanbideak– burla soziala egiteko balio du gurean. Oraindik ere.
Kolektiboaren gabezia. Tribuaren ezjakintasuna. Jendartearen ezbeharra. Ea gaitz horren kontrako txertoa ere lortzen dugun.