Bizitzaren gutunak

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2020ko urr. 17a, 10:00

"Alemanez irakurtzen ez dakigunontzat behintzat, betiko gazte gelditu zen Franz Xaver Kappus"

"Eta gainerakoan utz ezazu bizitzak aurrera egin dezan berez. Sinets iezadazu: bizitzak arrazoi du, kasu guztietan". Hala adierazi zion Rilke idazle austriarrak poeta izan nahi zuen Kappus gazte ezezagunari, 1904ko azaroaren 4an sinatutako gutun batean. 25 urte geroago eman zen argitara haien arteko hamar gutunen bilduma, Rilke hil eta hiru urtera. Nahi duenarentzat, bide batez, euskarazko edizio interesgarria dago, Patxi Salaberri Muñoa arabarrak prestatua eta, guk etxean diogun aleari erreparatuta, Jakin-ek 2002an argitaratua.

Bizitzak kasu guztietan arrazoi duela esatea, baina, poesia krudela izan daiteke. Bertso-lerro ankerra. Gutunak hitz lauz baina indar liriko biluzian idazten zituen Rilkeren patua ere ez zen sobera aparte gertatu bizitzaren baldintzarik gabeko arrazoi horretatik: arrosa baten arantzak sortutako zauri batek ekarri omen zion geroago hilko zuen gaixotasuna, 51 urte zituela. Rilkek berak aurretik egindako epitafioa irakurgai dago, Suitza hegoaldeko Valois kantonamenduko haren hilobian: “Arrosa, o kontraesan hutsa, plazera / hainbat betazalen azpian / ez zara inoren ametsa.”

Bien arteko korrespondentzia bildu zuen Kappusek 1929an eta, hark berak idatzitako hitzaurre labur bat erantsita, Poeta gazte bati idatziak (Briefe an einen jungen Dichter) izeneko liburua argitaratzea erabaki zuen, Rilkeren izena (bakarrik) agertuta azalean. Agudo etorri zen lanaren harrera ona orduko irakurleen artean, eta 1934an ingelesezko itzulpena publikatu zen: Letters to a Young Poet. Geroztik, esan gabe doa, hainbat eta hainbat itzulpen egin izan dira.

Hala, alemanez irakurtzen ez dakigunontzat behintzat, betiko gazte gelditu zen Franz Xaver Kappus. Neurri batean, beraz, Rilkek emandako gomendioaren kontra, bizitzan aurrera ezin eginik: 83 urte betetzera ailegatu zen eta, ordura arteko bidean, poemak, ipuinak, eleberriak edota pelikuletarako gidoiak idatzi zituen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, hainbat egunkariren zuzendaria izan zen, eta bestelako editore lan batzuk ere egin zituen. Hala ere, Kappus zaharrago horien berririk ez dugu.

Gazterik hiltzen omen garen garai eta lekuotan, gustura idatziko nioke nik gutuna Kappusi. 80 urteko poetari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago