Azken urte hauetako bigarren triku bat ikusi dute aita-semeek, bertatik bertara. Bi animaliatxoak, hiruzpalau urteko aldearekin izanagatik ere, asfalto gainean ikusi dituzte, Salburuan. Elkarrekin bilatu duten Interneteko informazioan hainbat gauza jakingarri aurkitu dituzte: "Kirikinoak ugaztun intsektujaleak dira, nahiz eta sugeak eta txoriak ere jan ditzaketen, eta gauez atera ohi dira janari bila".
Lehenbiziko trikua mutikoaren begien aurkikuntza izan zen, eta bizirik zegoen. Denbora tarte bat hartu zuten lasai behatzeko, oraingo moduan esateko, segurtasun distantziari eutsita. Jakinminez egon ziren haurra zein heldua ugaztun txikiari begira; izan ere, larunbata izateak ematen zuen bizitza patxadaz begiratzeko egokiera. Bigarren kirikinoa, ordea, aitak ikusi du, lehengo lekutik 40-50 metro ingurura, eta hilik zegoen. Gaur ere larunbata da, eta eguerdia: patxada eta jakin-mina elkarren adiskide egin dira uda hasierako eguzkipean. Heriotzari begira egon dira tarte batez, bizitzatik. Atxagaren poema berritu da, 30 urte geroago: auto baten gurpilek zapaldua hil da animalia errepidean, itxura guztien arabera.
Aurrera jarraitu dute aita-semeek, artean ere trikuaren gertaera zoritxarrekoa hizpide zutela. Behar baino agudoago zihoan kotxe batek musika lau haizetara zabaldu du bat-batean, leihatilak jaitsita eta bolumen nabarmengarrian. Munduaren martxaren irudia ere berritu du, oraingo moduan esateko, kutsadura akustikoak: edozein tokitan entzun daitekeen musika da, komertzialaren etiketa zabalarekin erraz identifikatzen dena. Ez dago, beraz, ekarpen handirik alde horretatik, auto barrukoen ustea segur aski bestelakoa bada ere. Kopiaren kopia ozen eta harro zabaltzea da, nonbait ere, batzuen marka pertsonala.
"Hala dabil mundua", esan du espero gabeko ironiaz mutikoak. Ezer ez du erantsi aitak, irribarretxo bat besterik. Aurrera jarraitu dute biek. Eta aurrera, oraingo moduan esateko, larunbataren maskara daraman munduak.