Ordu gutxi batzuk daramatza esna Amaliak. Hala jakinarazi die tonu hunkituan medikuak haren familiakideei. Urtarrilean izandako istripuak ondorio latzak ekarri zizkion, eta, 2020. urtea ozta-ozta ikusi bazuen ere, aspaldian izan ditu begiak bildurik, haririk gabe josirik. Laster 45 urte beteko ditu eta, ezustekorik ezean, Santiagoko ospitalean izango da haren urtebetetze ospakizuna.
Koma luze bat igarota itzuli da bizien artera, gehiegizko lo sakonak eman ohi duen jipoiaren ondorenarekin. Baldartu zaizkio gogoa eta gorputza, eta oraindik ere bolada bat beharko du bere onera etortzeko, bere on berria zein den jakiteko. Besteekin solas egiteko uneak laburrak dira artean ere, eta bizkortzeko prozesuan ez omen da komeni antsietateaz jokatzea. "Ohiko bisitak jasotzeko pixka bat itxaron beharko dugu, betiere Amaliaren osasun egoeraren arabera", adierazi berri du medikuak, tonu profesionalagoan oraingoan.
Amaliaren autoaren abiadura aintzat hartuta eta, batez ere, kontrako norabidean zetorren trailerraren tamaina eta pisua ikusita, zortearen lehen kolpea horixe izan zuen: oso gutxitan suertatzen da autoko gidaria bizirik halako talka batean. Bigarrena, mediku taldearen hitzetan, mirakulu bat izan da koma luzetik atera ahal izatea. Gainera, "esan daiteke nahiko ongi esnatu dela, eta dagoeneko erreakzionatzeko gaitasun zerbait erakusten ari dela". Zuhurki baikor agertu da medikua.
Bilera amaitu da. Ospitaletik atera eta maskara kendu dute senitarteko batzuek, denak keinu horrekin konforme ez badaude ere. Egiazki, egoera zaila dute: geroaz errazegi mintzatzen den honetan, oraindik ez dute erabaki nork, noiz eta nola emango dion Amaliari kanpoko mundu aldatuaren berri. Iritzi apal batzuk agertu dira. Isiltasun ozen batzuk ere bai. Eztabaida hasi besterik ez da egin.