Ez dadila ignorantzia zaharra berritu

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2020ko mar. 27a, 18:04

Arg: Roberto Giussani

 

"Ez daitezela distantziak besarkadetan gelditu, larrutik larrurakoa pantailetara eraman eta gero"

 

Har dezatela balio juridikoa hemerotekek,

hildakoak negarrez ohoratu ondotik,

gaixoak arduraz zaindu ondotik,

langileak leihoetatik txalotu ondotik.

 

Ez daitezela distantziak besarkadetan gelditu,

larrutik larrurakoa pantailetara eraman eta gero,

umeen galderak segurtasunez baldar erantzun eta gero,

beldurrak itxaropenari ezikusiarena egin eta gero.

 

Adostu dezagula bisurte madarikatuaren arrastoa,

udaberriko ekinozioa eklipsatu ondotik,

uda itsasoan bainatu ondotik,

udazkena zalantza bihurtu ondotik.

 

Ez dadila ignorantzia zaharra berritu,

surik gabeko gerran zibil aritu eta gero,

baliabide eskaseko zientziak bidea argitu eta gero,

begi laburreko ekonomiak mundutik bidali eta gero.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago