(Sasiko) Mugikortasuna

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2020ko urt. 26a, 07:00

"Pertsona batzuk libre mugitzea naturaltzat hartzen dugun bitartean..."

Ezagun samarra da Erasmus programa jendartean. Badira hiru hamarkada pasatxo martxan jarri zela eta, bistan denez, egitasmoa errotu egin da gure kulturan. Hasieran, Europako unibertsitateko ikasleen mugikortasuna sustatzea zen helburua; ondoren, izen horrekin edota beste batekin, beste kontinente batzuetan barrena ibili ahal izatea ere lortu da. Esan dezadan, bide batez, halako mugikortasun programak, gaur egun, ikasleentzat ez ezik, unibertsitateko irakasle, ikertzaile edota administratzaileentzat ere badirela.

Mugikortasun akademikoaren atzean dagoen pentsamolde nagusia zera da: unibertsitateko kideen mugimendu libreak esperientziak nahiz ideiak partekatzeko aukerak ugaltzen ditu eta, komunikazio horren ondorioz, norbera eta kolektiboa aberasten dira. Horraino, batere arazorik ez dut nik mugikortasunarekin; elkarguneak emankor eta interesgarri gertatu ohi baitira, inguru akademikoan eta hortik kanpo. Kanpezun nahiz Moskun.

Gero eta gehiago mugitzen omen gara. Lana izan daiteke horren arrazoia, edo maitasuna, familia zein aisialdia. Mugikortasuna, baina, boterearen –klase ekonomikoaren– araberakoa da: pertsona batzuk libre mugitzea naturaltzat hartzen dugun bitartean, ez da baliatzen irizpide bera beste pertsona batzuentzat. Ez eta, adibide argi bat jartze aldera, arrazoi humanitarioengatik ere. Azken urteotan Europako Batasuna nola jokatzen ari den errefuxiatuekin ikusi besterik ez dago: traba, oztopo eta harresi sarraskitik ihesi datorren errugabeari.

Ezkontzaz kanpoko semea izan zen Rotterdameko Erasmo; sasikoa. Jakina denez, Herbehereetako humanistaren oroimenez eman zioten izena Europako mugikortasun programari. Gustura adituko nuke Akademiak ohoratzea erabaki duen pentsalariaren iritzia. Batzuen aukeraz eta besteen debekuaz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide