Geure beharrak

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2019ko urr. 25a, 10:42

"Beharbada ez gara komunikazio mota horretan trebatu kulturalki, sozialki"

Gutxitan hitz egiten dugu, modu lasaian eta esplizituan, pertsona modura ditugun behar ez materialez. Ez nago seguru zein izan daitekeen zailtasunaren jatorria edo zergatia. Beharbada arbasoengandik jasotako informazio genetikoak bultzatzen gaitu geure premia emozionalak nolabait gordetzera oihan zibilizatuan, zer gerta ere. Beharbada ez gara (oraindik?) komunikazio mota horretan trebatu kulturalki, sozialki. Beharbada ez dugu geure burua edota gorputza nahikorik ezagutzen eta, beraz, ez dugu (oraindik?) ongi ikasi zer behar dugun.

Aurreko zailtasun egiturazkoari, pertsonaren mundualdia laburra gertatu ezean, beste traba bat erantsi ohi zaio. Izan ere, gure arteko solasaldietan nekez agertzen ditugun beharrak aldakorrak dira: biziaren ibilbidean gorputz-gogoa moldatu ahala aldatzen dira geure premiak ere. Bistan denez, behar dinamiko horiek identifikatuta eta ingurukoekin egoki komunikatuta, norberaren ongizatearen maila dezente handiagoa izan daiteke, bai eta denon arteko bizikidetzaren kalitatea ere.

Hortaz, arazo bikoitza dugula ematen du. Alde batetik, ez gara gai argi eta adeitsu aritzeko geure ekintzen atzean dautzan emozioez eta haiei estuki lotutako beharrez. Oro har, esan dezadan bide batez, argitasuna eta adeitasuna uztartzeko gaitasunak (oraindik?) ere kale egiten digulakoan nago. Beste aldetik, ez gara gai etengabeko bilakaera naturalean dauden geure beharrak identifikatzeko, komunikatzeko eta, ondorioz, adosteko. Hartara, oraingo helduak ez du behar lehengo gazteak behar zuena edota –gauzak ondo bidean– geroko zaharrak beharko duena.

Lagunok: gutxitan hitz egiten dugu geure beharretik, geure beharrez; eta askotan, beste pertsonez eta gauza mortuez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago