Udalekuak udaleku

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2018ko uzt. 21a, 09:00

"Gaztetxoak berehala ohartzen dira eskolako parametroek segida dutela aisialdian".

Haur eta gazteen aisialdian jarrita dago euskararen foku nagusietako bat azkenaldian; izan ere, ezaguna da gurean diagnostiko soziolinguistikoa: hizkuntzaren ezagutzan pauso (oso) handiak eman badira ere, artean ez dugu lortu euskarari kutsu akademikoa kentzea, eta, oro har, euskaraz dakiten haurrek eta gazteek gaztelaniaz egiten dute elkarrekin daudenean, benetako bizitzan.

Hori dela-eta, Gasteizko Udalak udan antolatzen dituen gaztetxoentzako aisialdiko jarduera gehienak euskaraz izaten dira. Are gehiago, halakoetan sarritan zehazten da aisialdian euskararen erabilera sustatzea izango dela xede nagusietako bat. Nekez egin daiteke hori, baina, jarduerak gauzatzeaz arduratzen diren begiraleek gaztelaniaz hitz egiten badute elkarrekin. Gaztetxoak berehala ohartzen dira, nolabait, eskolako parametroek segida dutela aisialdian: begiraleak –irakasleak– niri egiten dit euskaraz, baina gaztelania da egiatan sozializatzeko balio duen hizkuntza. 

Astebeteko udaleku irekiak egin berri ditu semeak, astelehenetik ostiralera. Lehen egunean etxera etorri eta halaxe esan zigun, etsipen-amorru puntu batez: begiraleak erdaraz aritzen dira haien artean! Era berean, begiraleek haurrei emandako azalpenak gorabehera, gaztelaniaz aritu dira umeak elkarrekin jolasteko nahiz harremanak izateko. Beraz, teorian eta ofizialki aisialdiaren bidez euskararen erabilera bultzatu nahi duen jarduera guztiz indargabetua geratzen da. 

Inoiz erabilera sozialaren giltzarrapoa irekiko badugu, gaztetxoen aisialdia ezinbestean erabili beharreko giltza da: gerta daitezela udalekuak udaleku negualdi kronikoan bizi den euskararentzat. Horretarako, besteak beste, begiraleen formakuntza egokia aintzat hartzea guztiz gomendagarria litzateke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago