Bezeroa naiz

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2018ko eka. 1a, 12:48

"Gero eta "bezero-jarrera" gehiago antzematen dira hango eta hemengo bazterretan".

Bizikletaren aurreko gurpilean izandako zulatua konpontzera joan nintzen dendara. Ordu eta erdi geroago itzuli nintzen bizikleta-tailerra den leku horretara. Dena ohi bezala gertatu zen gure artean: zulatua konpondua zegoela esan eta horri dagokion ordaina eman nion mekanikariari. Haren eskuetatik kanbioak jasotzen ari nintzela, gizon bat sartu zen lehenago utzia zuen bizikleta hartzera. Bost euroko konponketa zela adierazi zion mekanikariak; hala ere, geroxeago jakingo genuenez, lau euro eta erdi soilik eman zizkion. Mekanikaria ohartu zenerako gizona dendaren kanpoaldean zegoen: "aizu, hemen euro erdi bat falta da". Bizikletaren gainetik eman zuen erantzuna gizonak: "bihar emango dizut". Eta bi hitzeko esaldi bat erantsi zuen bi gurpiletan desagertu aurretik: "bezeroa naiz".

Dendatik atera nintzen mekanikariaren maldizio ozenen artean, gizonaren bi hitzak buruan bueltaka nituela: "bezeroa naiz". Eta, baiki, kontsumoaren jendarte honetan denok gara bezeroak askotan. Egin dezadan galdera, baina: zer da bezero izatea? Zer dakar berekin batera?

Baldin eta bezeroa izatea bada funtsean norberari komeni zaiona, beste pauso bat emana izango dugu gure kultura indibidualistan. Alde horretatik, ez dira gutxi oximorona gero eta gorpuztuago dakusatenak: egoismo kolektiboa. Izan ere, gero eta bezero-jarrera gehiago antzematen dira hango eta hemengo bazterretan. Unibertsitateko nire lanbideagatik ezagutzen dudan errealitateko adibide bat emate aldera, ikasle mota berri batez hasi da berba egiten: ikasle bezeroez; nolabait, matrikula ordaindua izateak dakartzan onurak aldarri hartuta, eginbehar gutxi eta eskubide guztiak eskatzea.

 "Bezeroa naiz", esan zuen gizonak. Ikusten diat, motel: "hartzeko pronto; emateko tonto".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago