Errealitate fisikoa desitxuratzeraino

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2018ko api. 5a, 11:59

"Beti gazte nahi gaituen jendarte batean bizi gara, eta eredu horrek ez du sobera barkatzen". 

Harritzekoa da, benetan. Gero eta gazteago datoz ikasleak unibertsitatera, gero eta nerabe aurpegi handiagoa dute. Ez da neure sentsazioa bakarrik, ez eta neure buruak neure begiei bidaltzen dien mezua soilik ere. Lankide ditudan beste irakasle batzuei ere antzeko komentarioak entzun izan dizkiet noizbait, eta ez da lehen mailako ikasleei gertatzen zaien ezer esklusiboa: Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean ditugun maila guztietako hainbat eta hainbat ikasle ere sar daitezke arestiko fenomeno bitxiaren barruan. Are eta gehiago, graduko ikasleak ez ezik, graduondoko ikasleak ere gero gazteago datoz oro har, horiek guztiak 22 urtetik gorakoak diren arren.

Halako golak sartzen dizkigu, nonbait ere, geure buruak. Halako baltsamo engainagarri gozoak eskaintzen dizkigu geure gogoak; betiere, hau argitzea komeni, gure hobe beharrez. Izan ere, adinak, gogoak ez bezala, ez du barkatzen. Hala, autodefentsa moduko mekanismoak aktibatzen dira gugan batzuetan, eta nork bere burua zaharrago ikusi beharrean besteak nerabeago edo haurrago (sic) ikusten hasten da. Banioen oraintsu: geure burua –geure bihotza– nolabait babesteko mekanismo inkontzientea da, segur aski.

Beti gazte (eta osasuntsu eta emankor eta polit eta kontsumitzaile) nahi gaituen jendarte batean bizi gara, eta eredu horrek ere ez du sobera barkatzen. Larruaren poroetatik hezur-muinetaraino sartua dugun arau sozialak ikusmenean eragin diezaguke; antza denez, nik neuk ikusia dudanez, pertsonen errealitate fisikoa desitxuratzeraino.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago