Gasteizen egindako azken erroldaren arabera, 136 nazionalitate daude dagoeneko gure hirian. Bestela esateko, Nazio Batuen Erakundeak aitortzen dituen 195 estatuetatik, 136 pasaporte ezberdin dituzten lagunak bizi gara Arabako hiriburuan. Hortaz, ez da matematiketan iaioa izan behar goragoko ekuazioa ulertzeko, ez eta soziologo zaildua ere: gustatu zein ez, onartu zein ez, hiri ondo globalizatua dugu XXI. mendeko Vitoria-Gasteiz izeneko hau. De facto. De iure.
Esan gabe doa 136 pasaporte horien atzean are hizkuntza, kultura eta herri gehiago gordetzen direla. Izan ere, arestiko datuek kontatzen dituzten pasaporte ofizialez harago, askoz ere konplexuagoa da hirian, egunero-egunero, benetan suertatzen den metaketa kulturala. Kulturartekotasuna (oraindik) gertatzeko dagoen arren, ez dago zalantza izpirik ere kulturaniztasuna eguneroko elementua dela babazorroen hirian. Besterik da nola kudeatzen ari garen aniztasun hori egunerokoan, eta ez naiz erakundeez soilik ari.
Utzidazue, halaber, begi-bistakoa den kontu bat aipatzen: hirian pilatu eta ezinbestean sustraitzen hasia den aberastasun kulturalak nekez egingo du atzera, nahiz eta "besteak" eta "gutarrak" erako paradigmak indar betean iraun erroldatuak izan berri garenon gogoan. Aniztasunaren afera denontzako erronka ikaragarria da: pedigri babazorroa dutenentzat, aitona-amonak zein gurasoak babazorroak ez ditugunontzat edota berrikiago babazorroen hirira etorri direnentzat.
Ekuazioa argia da, eta emaitzaren ondorioa ere bai: denok badugu zer ikasi 2018ko Gasteiz konplexu eta interesgarri honetan.