Oraindik

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2017ko ira. 18a, 17:31

"Oso karrera erraza da; marraztu eta margotu besterik ez duzu egingo bertan".

Badira zazpi urte harrera egiten diedala unibertsitatean hasten diren ikasleei; zehazkiago esateko, EHUn eta Gasteizen, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gradua egitea erabakitzen duten gazteei. Momentu berezia izaten da karrera hasierakoa, bai batxilergoa bukatuta datozenentzat, bai goi mailako zikloren bat bukatuta datozenentzat: urduri eta ilusioz heltzen diote unibertsitateko etapa berriari.

Zergatik aukeratu duten hezkuntza gradu bat galdetzean, haurrenganako maitasuna edota sinpatia agertu ohi da berehala, bestelako arrazoi batzuk adierazten dituzten arren. Beste kontu batzuk ere errepikatzen dira hasierako momentu horretan, eta denak ez dira gustagarriak izaten. Esate baterako, irakasle ikasketak aukeratzeagatik, esanguratsuak dira hainbat adinkideren eta adiskideren aldetik jasotzen dituzten mespretxuzko komentarioak: oso karrera erraza da; marraztu eta margotu besterik ez duzu egingo bertan; gaia tokatzen denean, faborez, egingo didazu niri ere makarroizko lepoko bat?; eta abar. Irakaslegaien prestakuntza barregarri utzi nahi duten adierazpen horiek kanpotik etortzen dira, normalean karrera teknikoagoetan dabiltzan gazteen aldetik.

Azken urteotan errepikatzen entzun ditudanak ez dira kasualitatearen ondorio. Jendartearen ispiluak argi hitz egiten du alde horretatik. Zoritxar handia da gurea: hezkuntzan sinesten ez duen herri batean bizi gara.

Oraindik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago