Erraz kritikatzen da, eta horregatik kritikatzen dugu hainbeste. Erraz larrutzen da, eta horregatik larrutzen dugu hainbeste. Erraz iraintzen da, eta horregatik iraintzen dugu hainbeste. Erraz egiten diren hitzezko ekintzak dira oraintsuko hirurak, eta horregatik egiten ditugu hainbeste eta hainbestetan.
Erraz kritikatzen dugu, eta are errazago, noski, hizkuntza hegemonikoan. Erraz larrutzen dugu, eta are errazago, noski, hizkuntza hegemonikoan. Erraz iraintzen dugu, eta are errazago, noski, hizkuntza hegemonikoan. Erraz betetzen ditugu eginkizun kulturalok, hizkuntza hegemonikoan batez ere, eta horregatik egiten ditugu hainbeste eta hainbestetan.
Irainaren kulturatik ondo ulertzen dira, kasurako, Gasteizko alkateari azkenaldian dedikatutako pegatinak, haren lehen deiturarekin erraz egiten diren errimak proposatuz, hizkuntza hegemonikoan betiere. Halaber, Errekaleor eraistearen aldeko hainbat herritarrek ere perla ederrak jaurti dituzte vitorianismo zibikoa islatzen omen duten foroetan, nik, aitor dezadan, gutxiago ezagutzen ditudan horietan.
Hala eta guztiz ere, carapan edota garrapata deitzea ez dago lotuta Errekaleorren gaineko eztabaidarekin, soka luzeko irainaren kulturarekin baizik: batzuetan edozein egoera aitzakia bilaka daiteke autoetan eta futbol zelaietan (modu normalizatu samarrean) egiten duguna egiteko. Azken batean, iraina iraina da, ez besterik.