alea.eus

Kromoak trukatzen

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2017-05-11 12:23   Iritzia

"Ama edo aita izan da benetan kromoak trukatzen aritu dena".

Kromoak trukatzen
Haurrak, kromo trukean. / Goiena | Ikusi handiago | Argazki originala

Iraganera salto egitearen antzeko zerbait izan da Plaza Berrira joatea. Iraganera salto egin dut –salto egin dit gogoak– haurrak elkarri kromoak trukatzen ikusi ditudanean, nik ere txikitan, hainbat eta hainbat igande eguerditan, gauza bera toki berean egin nuelako. Oraingoan, baina, ez naiz haur-jantziarekin joan, 43 urteko aitaren larruarekin baizik. Ordutik urte mordoxka bat joan badira ere, funtsean ezer gutxi aldatu dela iruditu zait. Akaso gehien aldatu dena neure begirada izan da, halakoetan ohi denez, denboraren joanaren bihurrikeriak tarteko.

Eta, begirada horretatik, kuriosoa bezain esanguratsua suertatu zait, besteak beste, guraso ez gutxiren jokamoldea: seme-alaba bigarren maila batean utzita, ama edo aita izan da benetan kromoak trukatzen (eta saltzen!) aritu dena. Gauzak horrela, batez ere hiru interakzio mota ikusi ditut udaberriko eguzkipean: umea eta umea, umea eta gurasoa, gurasoa eta gurasoa. 

Ez dirudi, alde horretatik, boladan omen dagoen konfiantzaren pedagogia familia gehiegitan praktikatzen denik. Neuk, behintzat, ez dut konfiantza handirik ikusi zenbait gurasorengan, eta, album baterako kromoak trukatzeko orduan (ere), nahiago bide dute haiek eurek egin seme-alabek baino; zer gerta ere. Etxera joan eta, barkatu konparazioaren gorrotagarria, despoten oihartzuna etorri zait gogora: dena umearentzat eta umeagatik, bai, baina umea gabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa