Benetako gezurtxoa

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2017ko urt. 20a, 17:20

"Behingoagatik, normalean gertatzen den kontrara, euskarazko izena ondo idatzita dago". 

Benetan existitzen ez den leku batean bizi naiz: Lubiana kalean, hain zuzen. Badakit, jakin ere, ni bizi naizen kalearen euskarazko izena Ljubljana dela, eta hala ageri da euskarazko seinale publikoetan zein hiriaren kale-izendegi ofizialean. Gaztelaniazko bertsioan, berriz, gaizki idatzita dago Esloveniako hiriburuaren izena. Eta ondorioz, arestian esaten nizuen bezala, benetan existitzen ez den kale batean bizi naiz.

Ez dakit noiz eta nola gertatu zen akatsa. Susmatzen dut, administrazio publikoaren soto eta zirrikitu batzuetako apopilo (baita langile ere!) izan naizenez, noizbaiteko eta nonbaiteko funtzionarioren batek hala erregistratuko zuela izena: Calle Lubiana. Behingoagatik, normalean gertatzen denaren kontrara, euskarazko izena ondo idatzita dago. Hala ere, egunero de facto gobernatzen gaituen gaztelaniazko arauari men eginez, gutunak eta posta gehiena irudimenezko leku batera bidaltzen dira. Fantasia inkontzientea errealitate bihurtua, beraz.

Gauzak horrela, kale honetako etxebizitzak, elkarteak eta abar benetan existitzen ez den leku batean daude. Gaude. Nire belarriak lekuko, auzoko inori ez diot entzun Lubiana ez den beste hitzik ahotan; ez gaztelaniaz, ez euskaraz. Eta laster zazpi urte egingo ditugu auzoan, Salburuan.

Duela sei urte pasatxo etorri zen bisitan Pello. Hark ohartarazi zigun orduan izenaren fikzioaz. Benetako gezurtxoaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago