Hiri Hezitzailearen titulua aitortua du Gasteizek XX. mendeko azken hamarkadatik. Udalaren webgunean hitzez hitz ageri denez, Hiri Hezitzailea izatea "eredu berria da, eta eredu horretan hezkuntzak eskola gainditzen du […] honako balio hauetan oinarrituta: errespetua, elkartasuna eta gizarte inklusioa. Laburbilduz, Hiri Hezitzaile bat eraikitzeko giro hezitzailea sortu behar da hirian".
Neure gasteiztartasunetik ikusita, ordea, ez dakit halako dominarik merezi ote dugun. Ez dut sumatzen aparteko giro hezitzailerik hirian, eta azken urteotan gertatzen ari den ikasleen bereizketa justifikatzen duten ahotsek inguratuak gaituzte: hainbat gurasok, hezkuntza kalitatezkoa nahi dutelako leloa erabilita, seme-alabak ikastetxe jakin batzuetan matrikulatzen dituzte, bereziki itunpeko sarean. Haurrak dibertsitatean haztea eta heztea, berez, bizitzarako eskola ez balitz bezala.
Nolanahi ere, hezkuntza sistemaz arduratzen den Jaurlaritzaren jokamoldea larriagoa zait. Save the Children erakundeak irailean plazaratutako txosten baten arabera, azken bost ikasturteotan gero eta nabarmenago egin da jatorri atzerritarreko ikasleen pilaketa EAEn. Nekez landuko dugu ardatza omen den inklusioa, Jaurlaritzak ikastetxe publikoen eta itunpekoen arteko segregazioa gerta dadin uzten segitzen badu.
Eta segregazio berba larria ez da nirea, haurren aldeko erakundearena baizik.