Adinaren ajea izango da segur aski: oraina ulertzeko gero eta gehiago begiratzen diot iraganari; nora goazen jakiteko, arrastoren bat lortzeko sikiera, nondik gatozen pentsatzeak argi zerbait egin dezakeelakoan. Nerabezaroan gorrotatzen nuen "tradizio" hitza gero eta sarriago erabiltzen dut ahotan; barka diezadala, hortaz, duela 25 urteko Edu (ustez) erreboltari hark. Izan ere, tradizioak ezagututa zein identifikatuta baka- rrik erabaki dezakegu kontzienteki ohitura horiek hutsean onartu, zerbait moldatu edota guztiz ezabatu.
Berrikuntza etengabe bultzatzen duen sistema honetan gauza kuriosoak suertatzen dira. Alde horretatik, bitxia gertatzen da nola kontu zaharrak eramaten ditugun forma berrietara gehiegi erreparatu barik. Arestikoaren adibide argia da, batzuetan, gela bereko gurasoen arteko WhatsApp taldeetan kide guztiak amak izatea, aita bakar bat ere ez egotea bertan. Esan gabe doa seme-alaben gaineko kontuak partekatzea dela foro horien mamia: etxeko lanak noizko diren; irakasleak zer esan duen datorren asteko txangoaz; hurrengo hiruhileko urtebetetzeak non ospatuko diren; eta abar.
Erraz joaten zaizkigu begiak forma berrietara, bai, baina kontu zaharrak dira WhatsApp-ak guraso gazteagoen artean ekarritako horiek. Tradizio patriarkalaren erroak bezain.