Irrist egin du berriz Gasteizko Udalean dagoen PSOEko taldeak. Irrist egitea ez da PSOEri esklusiban dagokion ezer, gainerako alderdi guztiek –baita nik azken hauteskundeetan bozkatutako horrek ere– izaten baitituzte haien irristadak. Are gehiago esan liteke: irristatzearen teknika trauskila berez-berezkoa du giza generoak. Aspaldi handian erabili ohi zuten errare humanum est lelo klasikoak halaxe dakarkigu gogora, mendeen tunel luzea ez alferrik zeharkaturik.
Beste kontu bat da egin den errore hori ikusteko gauza ote garen, politikagintzan erroreak aitortzeko kultura sanoa ohikoa ote den, edota nolako erretorika perbertso eta xelebreak ikustera kondenatuta ote gauden zirku politiko-mediatikoan. Ikusiak ikusita, bakan eta bitxi suertatzen da egindako akatsa natural aitortzea; ez da, alde horretatik, kirol praktikatuegia gure agintarien artean.
Irrist egin du berriz Gasteizko Udalean dagoen PSOEko taldeak: hasiera bateko jarrera aldatu eta, inor gutxik sinesten duen aitzakia baliatuta, Lluis LLach Gasteizko seme kutun izendatzearen aurka agertu da, martxoaren 3 zorigaiztokoaren 40. urteurrenean. Duela hilabete batzuk bezala hiriko alkatetza jokoan zegoela, berriz gauza bat adierazi eta gero kontrakoa egin du. Irristatzeko maniobra bi kasuetan, eta hauxe da nire iritziz deigarriena, Gasteiztik kanpoko interesei men eginda etorri da. Madriletik, zehazkiago esateko.
Dakargun hona, badaezpada ere, goragoko aipu klasikoa osorik: errare humanum est, sed perseverare diabolicum.