Olentzerok ekarri zuen etxera bere panpina bat lehengoan. Azken urteotan finkatutako ohitura bihurtu da gurean: abenduko zubia igaro ondoren, Olentzeroren panpina izaten dugu egongelako baztertxo batean Eguberri eguna iritsi arte, hots, ikazkin tripontziak etxekoentzako opariak ekarri arte ("eta, aita, eskuak ikatzez zikinduta, nolatan ez du ezertxo ere zikintzen?").
Alabaina, opariak ekartzen lagundu behar zaio Olentzerori: jakina denez, haur askotxo daude Euskal Herrian eta, beraz, opariak etxe bakoitzera eramateko lana ez da makala. Hori dela-eta, Eguberri egunaren aurreko bi asteetan jana uzten diogu gauero Olentzeroren panpinari. Izan ere, magia tarteko, panpinak helarazten dio janaria Olentzerori, ikazkinak behar dituen indarrak hartu eta eginbeharrak txukun gauza ditzan. Esan gabe doa aurreko gauean jarritakoa biharamunean desagertzen dela beti ("eta, aita, Olentzerok beti fruta jaten badu, guk fruta baino ez diogu ematen eta, nolatan du halako sabel-zorro handia?").
Zazpi urte ditu jada gure mutikoak. Ez dago jakiterik noiz arte sinetsiko duen asmatutako fantasia: gero eta maizago jaurtitzen dituen galdera logikoak magiaren amaiera iragartzen hasiak dira nolabait. Asko alda daitezke gauzak hemendik urte batera. Ordurako, agian, egia prosaikoa ere zabaldua egongo da gelan: Olentzero gurasoak dira. Aurten, momentuz, sagarrak janda gizentzen segituko du Olentzerok.