Burua, gora begira

Erabiltzailearen aurpegia Daniel Sanz Moreno 2017ko ots. 14a, 11:16

Lacturale Araski eta Spar Citylift Girona Erreginaren kopako norgehiagokan

Finalerdietako kanporaketan lehiaketari agur esateko unea iritsi zitzaion Araski taldeari, Uni Girona talde katalanaren aurka galdu eta gero. Partida polita eskaini zuten talde biek, joko dotorearekin.

Erreginaren Kopako finalera iristeko grina zuten gasteiztarrek, eta ametsa eskura izan zuten arabarrek partidu osoan zehar. Asteburuko erronka aurretik bolada oso txarra zeraman Araskik Emakumezkoen Ligan, azken lau partidetatik laurak galdu ondoren. Baina porrot horiek atzean uztea lortu eta gogoz ekin zioten norgehiagokari. Partida guztian zehar nahiko txukun aritu ziren Girona faboritoaren aurka.

Lehenengo zatian pareko aritu ziren etxeko zein kanpokoak: Euskaldunak nagusi izan ziren lehenengo laurdenean, nahiz eta akats nabariak izan zituzten defentsa-erreboteetan. Katalanek, ordea, saskira begira gutxi asmatu bazuten ere, baloiaren jabetzan nagusi izan ziren lehen tarte horretan.

Aldageletatik bueltan, Araskik ez zion probetxu handirik atera ondo landutako jokaldiei eta ondorioz, katalanek markagailuari buelta ematea lortu zuten. Aurretik egon arren, Araskik ez zuen amore eman eta Gironak ez zuen bi taldeen arteko aldea areagotzerik lortu.

Bi taldeek izan zuten norgehiagoka irabazteko aukera, baina tamalez Madelen Urietaren neskak ez ziren fin ibili partidaren azken txanpan. Epaileek ere ez zuten arabarren aldeko erabakirik hartu eta etxekoek nabarmen egindako urratsak adierazi gabe geratu ziren gasteiztarren kalterako. Partida amaitzeko 36 segundo eskas geratzen zirenean, Gironak lehia amaitutzat eman zuen hiruko jaurtiketa batekin eta arabarrak etxerako bidean jarri zituen.
 
Norgehiagoka bukatu bezain pronto, etxeko zaleak zutik jarri ziren garaipena ospatu eta bi taldeek eskainitako ikuskizuna eskertzeko. Talde euskaldunak ere ondo merezitako errekonozimendua jaso zuen zelaian bertan ere eta egunotan hamaika zorion-agur jasotzen jarraituko dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago