Mila lagun elkartuko ditu Araba Encounter informatikaren azokak

Erabiltzailearen aurpegia Daniel Sanz Moreno 2016ko urr. 5a, 10:51
Joan den urteko irudia.

400 ordenagailu 10 Gbps-tara konektatuko ditu asteburuan Iradier Arenan ospatuko den azokak.

Asteburuan Araba Encounter azoka hartuko du Gasteizek eta Iradier Arenan 72 ordu egongo diren partaideek hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera izango dute; euren ezagutza partekatu eta arte digitalaren, jokoen, hardware eta software libreko eremuaz gozatuko dute.

Publiko osoari zuzendutako hitzaldiak eta tailerrak egingo dira, esperientziadunentzat zein hasiberrientzat. Ekitaldi hauetan gai ezberdinak jorratuko dira: web garapena, hodeian oinarritutako lan dinamikak hobetzea, smartphone telefonoen erabilera optimizatua, bideojokoak eta argazkilaritza.

Lantegiak eta hitzaldiak

Enpresa Digitalak (SPRI) antolatuko dituen ikastaroen artean, bi umeentzat egongo dira zuzenduta, zehazki zortzi urte baino gehiagoko haurrentzat. Formakuntza honen helburua parte-hartzaileek teknologia berriak menperatzea da. Ikastaro batek erakutsiko du bideojoko bat nola sortu Kodu programarekin. Beste tailer batek, ordea, neskak esparru teknologikoan sartzea du xede. Bertaratuko diren neskatoak elektronika eta programazio proiektuetan hasteko aukera izango dute.

Urriaren 7tik 9ra egingo diren hitzaldiak, tailerrak eta aurkezpenak Opengune espazioan izango dira, publikoari zabaldutako doako eremuan.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide