Iritzia

Harea mugikorrak

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2024ko mai. 24a, 10:00

Argazkia: 'Lawrence of Arabia'

"Ni, 1980ko hamarkadako ume guztiak bezala, harea mugikorren beldur izan nintzen"

Ptolomeok, erromatar garaiko geografoak, mundua azaltzeko ahalegina egin zuen. Britainiar uharteak deskribatzean, hamar zingira-lur baino gehiago aipatzen zituen, Morecambe barne, harea mugikorrak dauzkan Europako leku bakarrenetako bat. Zer zen garai hartan zingiraz betetako urrutiko eremu hura? Zibilizatu gabeko herria, misterioz josia, seguru asko.

Erdi Aroaren hasieran, normandiarrek Ingalaterrako koroa nola irabazi zuten kontatzen digu Bauyex tapizak eta, gerra horretan, Mont Saint Micheleko zingira-lurretan soldadu batzuk nola desagertu ziren agertzen da. Berriro ere konkistaren eremua, berriro ere jendeak desagertarazten dituzten lurrak.

Antzinatik dator harea mugikorrekiko beldurra. Hainbesterakoa zen irudi beldurgarria, metaforak ere egiten zituztela. Shakespearek, Henry VI antzezlanean esan zuenean Clarence harea mugikorrezko iruzurra –a quicksand of deceit–‒zela, guztiek ulertu zuten.

Konkisten urrezko garaian ere askorako eman zuten harea mugikorrek. Itsasoa zen jendea iresten zuena, hondartza ezezagun eta itsas hondo misteriotsuetako hondarra zen konkistatzaileen itsasontzi erraldoiak desagerrarazten zituena. Harea mugikorrak zinez ziren traidoreak, gutxien espero zen tokian irensten zintuzten, ez itsasoan, oihan tropikal batean baizik. Tarzanen txuri-beltzeko pelikuletan ederki asko erakusten zuten hori.

"Eta zuei, zein dira lo egiten uzten ez dizueten beldurrak, harea mugikorrak ez badira?"

Ni, 80ko hamarkadako ume guztiak bezala, harea mugikorren beldur izan nintzen. "Kontuz nondik zabiltzan, begiratu ondo, zeren badaude irentsiko zaituzten lurrak". Harea mugikor horiek ez zeuden hondartzetan, itsaso misteriotsuak ez zituzten itsasontziak hondatzen jada. XX. mendearen bukaeran oihanetan zeuden arriskuak, paisaia basati haietan... Vietnamekoak bezalakoetan. Oso arriskutsua zen hara joatea, ausarta izan behar! Baina oihaneko beldurrak ere bukatu dira, eta harea mugikorrek ez digute jada kezka handirik sortzen. Dagoeneko ezinezkoa baita horrela hiltzea. Gure munduan ez dago ezagutzen ez dugun tokirik... edo bai?

Ptolomeok aipatzen duen Morecambe badian bada arriskuak saihesteko turistentzako gidari bat. Eskerrak. Halere, 2004ko gau batez harea haiek hiltzaile izan ziren 21 migratzaile txinatarrentzat. Berberetxoak biltzen jarri zituztenean inork ez zien esan itsasaldiek nola funtzionatzen zuten. Ez zegoen haientzako gidarik. 2006an horri buruzko film bat egin zuten, oso izenburu aproposarekin: Mamuak. Txinatarrek izen hori ematen omen diete txuriei.

Eta zuei, zein dira lo egiten uzten ez dizueten beldurrak, harea mugikorrak ez badira? Bada itotzeko beste modurik? Inoiz izan al da zure lurra inoren beldurraren arrazoia? 

Cira Crespo.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago