Asko hunkitu ninduen Martin Eden eleberriak, nerabezaroan irakurri nuenean. Behingoagatik, ez nintzen bere protagonistaz maitemindu, bere bizimoduaz baizik. Gogoratzen dudan bakarra da nola bere bizitza, bere gorputza eta arima osoa eskaintzen dizkion idazteari eta irakurtzeari. Agian ez da horrela zehazki istorioa, baina hala oroitzen dut nik. Idaztearekin batera bere bizitza goitik behera aldatzen da, eta, hau harrigarriena, idazten zituen ipuinak, artikuluak, aldizkarietara bidali eta, adi honi, trukean dirua ematen zioten. Uau.
Estatu Batuetako idazleen biografietan errepikatzen den istorioa da: idazle batek ipuinak bidaltzen ditu aldizkarietara, normalean lehen saiakerak emaitza gabekoak dira, baina batzuetan nahiz eta ezetzak jaso, gomendio batzuk ere ematen dizkiote idazleari, horrela, idazle-ikasle hori hobetuz doa, eta, azkenean, ipuinak argitaratzen dizkiote, arrakasta lortzen du, eta dirua ere bai.
Istorio hau bera azken aldiz duela egun gutxi entzun nuen, Kurt Vonnegut idazle amerikarrari buruzko dokumental batean. Berak ere diru asko lortu zuen bere ipuinekin. Mahai txiki-txiki batean jesartzen zen, eta makina xume batetik ateratzen zituen bere testu xelebre eta sakonak, eta, horrela, dirudun bihurtu zen. Besterik ez zuen behar izan.
Hau da nire ametsa, egunero esnatu eta ipuin, artikulu, edo beste edozein testu motaren batekin saiakera beti berri bat egitea, eta, modu honetan, bizitza ateratzea. Baina ezin dut, hau amets amerikar horietako bat besterik ez delako, filmeetakoa bezalakoa. Ni, aldiz, orain eta hemen, egunero esnatzen naiz, kafesne bat hartzen dut, umeak eskolara eramaten ditut, eta oposizioetarako ikasi behar dudan hurrengo legea hasten naiz irakurtzen.