Askatasuna

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2022ko ira. 2a, 10:00

"Belaunaldiz belaunaldi, ahoz aho, pasatzen diren olerkien seme-alabak gara gu".

Sortzea ez al da zatiak lotzea? Ideiak ondo antolatzea? Egindako materialak, idatzitako hitzak hartzea eta berrikustea, nahastea, beste gauza interesgarri bat asmatzeko. Eta hala beste bide batzuk ireki ditzakezu, edo hobeto atondu irekitakoak.

Esaterako, Pompeiako hormetan ikusten diren grafitietako asko Ovidioren poemen birformulazioak dira, edo Odisearen ahapaldi tuneatuak... garai hartako jendeak, beldurrik gabe, bere herriko kaleetan poeta bati ala besteari lapurtutako hitzak idazten zituen. Baina, Ovidiok edota Homerok berak ere bere herriko kaleetan aurkitu zituzten idazteko ideia guztiak. "Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde..." esaten zuen Arestik, arrazoi guztiarekin. Izan ere, ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi, pasatzen diren olerkien seme-alabak gara gu.

Beste adibide bat. Joan den egunean Ain’t got no (Ez dut) entzuten aritu nintzen, Nina Simoneren kantu ederra, eta kuxkuxeatu egin nuen hitzen atzeko historian. Antza denez, kantuaren hitzak ez dira Simonerenak, berak bi abesti batu ondokoak dira, biak ere Hair musikalekoak. Oso ondo ikusten da ezberdintasuna, lehen partea beltz batek abesten du eta beltzen marginalizazioari, pobreziari eta gabeziari buruz hitz egiten du: "Ez dut etxerik, ez dut dirurik, ez dut lagunik, ez dut kulturik, ez dut herririk…".

Bigarren zatian, aldiz, Nina Simonek txuri-dirudun-hippy baten erreafirmazioren abesti bat hartzen du eta kexa guztien atzetik jartzen du. Orduan, mirari txikia gertatzen da: Simonek, alkimista balitz bezala, berrantolakuntza soil honekin afroamerikarrentzako (eta zapalduta bizi den jende guztiarentzako) himno eder bat osatzen du: "Eta orduan zer daukat? Zergatik nago bizirik? Utzi esaten zer daukadan. Inork kendu ezin didana: badut ilea buruan, baditut nire besoak, nire begiak, nire irribarrea, nire mingaina, nire bularrak, nire odola, nire bihotza, nire arima. Badut nire bizitza, BIZITZA, eta askatasuna.

Eta, horrela, badakigu hitzak ondo antolatuz gero, bide askatzaileak ere sor ditzakegula.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago