Joan Francesc Mira

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2022ko ots. 20a, 10:00

"Eztabaidatzeko eta sortzeko behar ditugun markoak Joan Francesc Mirak proposatzen dizkigunak ere badira"

Valentzia konkista lurraldea da, eta, beste leku gatazkatsu asko bezala, sorkuntzarako aproposa. Katalanek su eta gar konkistatu zutenean, musulmanen lurra zen. Hara joan ziren familia nobleen artean, sortzaile apartak atera ziren. Ausias March, kasu; poesia katalanez idatzi zuen lehen autoretzat har dezakegu. Kontraesanetan diren lekuetan galdera sakonenak lehen lerrora pasatzen dira eta, hain zuzen, hori da sorkuntzak behar duena.

XVIII. mende hasieran, Espainiako Ondorengotza Gerraren ondorioz, herrialde katalanak berriro konkista-leku bihurtu ziren. Gaztelako korteak konkistatu eta, garaiek eskatu bezala, egitura kultural guztia berenagatu zuten; besteak beste, Valentziako erreinuaren inprentak gaztelaniazko liburuetarako erabili zituzten.

Antzeko zerbait gertatu zen 1939an. Egun, oraindik, nabari da Espainiako kultura industriaren argitaletxe indartsuenak herrialde katalanetan sortutakoak direla. Ez baita kasualitatea. Gerra Zibila eta gero, herrialde katalanetan frankistak Berpizkunde katalaneko kultur egitura guztiaz jabetu ziren: makinaria, lokalak eta indarrak. Adibide ezagunena Jose Manuel Lara Hernandezena da; 1939an sartu zen Bartzelonan frankisten armadarekin batera, eta handik urte batzuetara Espainiako argitaletxe garrantzitsuenaren jabea zen, Planeta argitaletxea. Oraindik han dago bere familia, noski.

Barkaidazue nire helburutik pixka bat aldendu banaiz, baina kontestua beti da garrantzitsua. Joan Francesc Mira Valentzian jaio zen, 1939an, eta Herrialde katalanetako intelektual handienetako bat da. Besteak beste, katalanera itzuli ditu Europa ulertzeko hiru lan garrantzitsuenak: Odisea, Testamentu Berria eta Jainkotar Komedia. Beti fin, hitz egokiak baliatuz, hizkuntza katalanaren aukerak handituz aritu da, bere bizi osoan.

Gero, nola ez, Valentziako erresumaz gogoeta ere egin du eta, hara, honen ingurukoa da bere eleberri onena, handiena: Borja Papa, Valentziako familia ezagunaren abenturak. Oraintxe, adibidez, bere harribitxi txiki bat irakurtzen ari naiz, Quatre qüestions d’amor (Lau maitasun-kontu). Erdi aroko amodiozko istorio txiki hauetan, saiheska ikusten dira komentatu dizkizuedan arazoak eta gatazkak. Testuari sakontasuna ematen dioten ihes-puntuak dira.

Halere, beti bezala, egile honen hizkuntza eta ikuspuntua Europako galtzaileena denez, ez dauka merezi duen aitortzarik eta, besteak beste, ez daukagu euskaraz irakurtzeko aukerarik. Pena da, uste baitut galtzaileen arteko zubiak bereziki indartu behar direla. Eztabaidatzeko eta sortzeko behar ditugun markoak Joan Francesc Mirak proposatzen dizkigunak ere badira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago