Santa Maria del Mar

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2022ko urt. 14a, 09:08

"Santa Maria del Mar zutik ikusten dut oraindik, eta gure herria zer izan zen gogoratzen dut"

Bartzelona faltan botatzen dut, eta idealizatzen ari naizela aitortu behar dut. Aurrekoan twitterren lehiaketa babo bat egin zuten, Kataluniako lan arkitektoniko kuttunena zein zen erabakitzeko, eta Santa Maria del Marrek irabazi zuen.

Santa Maria del Mar Bartzelonako itsas-auzoan katedrala izan nahi zuen eliza da. Born izenez ezagutzen dugun harresietatik kanpoko auzoan eraiki zuten, han elkartzen ziren merkatarien ahaleginari esker. Kataluniako gotikoaren adibide politenetako bat lortu zuten. Wikipedian gotiko katalana definitzeko hauxe esaten dute: "Estatu-instrumentu gisa duen rolak Kataluniako gotikoa fenomeno ezberdin bat bihurtzen dute, lerro eta formen soiltasuna sustatuz nazioarteko dekoratibismotik erabat urrun, eta gustu bereziarekin espazio unitarioak eta diafanoak sortzeko".

1714. urtean, gerra garrantzitsu baten ondorioz, Kataluniak burujabetza politikoa galdu zuen. Santa Mariaren oinetan gertatu zen; harri pisutsu haiek lekuko izan ziren irabazleek bertako bizilagunei euren etxeak eraistarazi zizkietenean. Batzuk ez ziren berriro mezatara joan, eta beste batzuk elizaren hilerrian daude lurperatuta, eta irailaren 11n omenaldia egiten zaie.

Eliza honekin harreman estua daukadala konturatzen naiz. Nire etxe ondoan dago. Institutua gertu zegoen. Zenbat arratsalde Mireiarekin auzoan paseoan! Zenbat konfesio hango betiko tabernetan! Orduan jada konturatzen ginen zein auzo xarmangarria zen; horregatik jarri zituzten hainbeste negozio polit. Baina ez genuen ikusten zer zetorren. Gazteak ginen eta gustura ikusten genituen auzo txiro eta ahaztu izatetik txukun eta erakargarri bihurtzeko aldaketak. "Beitu, ze italiano guapoa! Zein taberna modernoa!". Europako haizeak gure etxe ondoan!

Urte haietan Bartzelonako kale zahar hauetan guztietan noraezean ibili ginen. Ekosistema aberats bat zen. 13 urte izango genituen uda hartan, adibidez, Pinuko tabernan geratzen ginen matematika azterketa prestatzen. Etxera itzultzean, Rambletatik jaisten, turista gutxi horiek nongoak ziren asmatzera jolasten ginen. Ez zen jolas bat, hala ere. Orain badakit, Bartzelonako erdialdeak turismoaren monokultiboaren eskuetara erori behar zuen abisua zen. Zenbait auzo honezkero parke tematiko bihurtu dira.

Garai horietako ezer askorik ez da geratzen. Baina Santa Maria del Mar zutik ikusten dut oraindik, bere edertasun duinarekin, eta gure herria zer izan den gogoratzen dut; zutabe estilizatu eta oroimentsu haien artean zenbat arnas hartu dudan ere gogoratzen dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago