Ioruba baten istorioa

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2021ko aza. 6a, 10:00

Toni Morrison./Wikipedia

"Toni Morrison kalean bizi den lagunari esker, gure Andaluzia kaleko etxetik, bat-batean, hainbeste min dagoen lekura, garaira, mugitu ginen"

Nire laguna Toni Morrison kalean bizi da. Nigeriarra da, diborziatua eta ama. Garbiketa enpresa batean egiten du lan. Bere etxeak altzari gutxi dauka. Hormetan ez dago ia kuadrorik, bakarrik umeen marrazki batzuk apaingarri.

Egun batean janari nigeriarra alfaltzera gonbidatu gintuen. Txitxirioak eta arrain goxoa jarri zizkigun, besteak beste. Telebistan musika nigerriarra entzuten genuen bitartean, hip-hop moduko bat, hizketan egon ginen:

–Eta umeak lotan daudenean, zuk zer egiten duzu? –galdetu nion nik.

–Nola? Zer egiten dudan? Ezer ez.

–Ezer ez? Ez duzu telebista ikusten edo beste zerbait egiten?

–Ez. Ezer ez. Etzanda, begiak ixten ditut eta pensamenduei pasatzen uzten diet.

–Ah.

–Bai. Horrela egoten naiz eta logurea etortzen bazait, ba, lo hartzen dut. On egiten dit. Behar dut. Jendea leku batzuetara hori egiten ikastera joaten da, badakizu? Nik ez dut behar.

–Ah. Eta goizetan? Zer egiten duzu esnatzen zarenean?

–Zer egiten dudan? Nola?

–Bai, ez dakit, zer gosaltzen duzun, adibidez...

–Ez dakit, platano bat edo, bestela, ezer ez...

–Ezer ez? Ba, nik kafesne bat, behintzat, bai. Egia esan, kafe gogo handiarekin esnatzen naiz beti...ezin dut kaferik gabe esnatu.

–Nik ez dut behar. Gauetan egiten dudanarekin nahikoa dut. Pilak kargatzen ditut horrela. Ez dut kaferik behar. Ezta gosaririk ere.

Atzo laguna etorri zitzaigun etxera. Gure etxea Andaluzia kalean dago. Gauzaz beteta dago, batez ere, jostailuz eta liburuz. Afari katalan tipikoa eskaini genion, hau da, ogi-xerrak tomatearekin, gazta goxo batzuk, urdaiazpikoa, fueta eta patata tortilla. Afaldu ostean, umeak jolastera joan ziren eta gu hirurok, –lagunak, nire mutilak eta nik neuk– hizketan jarraitu genuen, ardo zuria hartzen genuen bitartean.

–Gustatzen al zaizu irakurtzea, zuri? –galdetu nion nik.

–Irakurtzea? Bai, dexente... Gizarte etxeetara joaten gara maiz, irakurtzera.

–Ah, ba, badago idazle nigeriar bat oso famatua... agian ezagutuko duzu. Begira, hauxe bere izena –Eta mugikorretik erakutsi nion izena: Chimamanda Ngozi Adichie–.

–Ah...ez, ez dut ezagutzen. Bai nigerriarra da. Izenean ikusten da... baina ibo-a.

–Ah... eta zer da iboa? Talde bat?

–Bai. Beraiek mendietan bizi dira. Euskal Herria bezala, ez dute nigeriarrak izan nahi. Badaukate talde terrorista bat ere.

–Ah. Orduan, zu ez zara iboa.

–Ez, ni isha naiz.

Mutila hasi zen wikipediak esaten zuena ozenki irakurtzen mobiletik: "Ishak Jorubako talde nahiko txikia dira... Ishak gaur denbora asko egon dira gaur egungo kokalekuan". Bitartean, lagunak baietz egiten zuen.

–Orduan, joruba ere bazara?

–Bai, joruba ere bai.

Mutilak jarraitu zuen: "Joruba Mendebaldeko Afrikako talde etnolinguistikorik handienetako bat da; 45 milioi lagun dira, eta haietako gehienek joruberaz hitz egiten dute. Batik bat, Nigerian bizi dira".

–Begira zer gehiago esaten duen: "Afroamerrikar askok arbaso joruba daukate. Hau da, Ameriketara eraman zituzten esklabu afrikarren talde adierazgarri batek bere sorlekua lurralde hortan dauka... Bai. –esan zuen lagunak– Amerikako afrikarrak jorubak dira. Beraiek oso ondo dakite. Oso gaizki pasatu zuten. Gutarrak dira.

Sukaldean nengoen hau entzun nuenean eta hunkitu egin ninduen. Toni Morrison kalean bizi den lagunari esker, gure Andaluzia kaleko etxetik, bat-batean, hainbeste min dagoen lekura, garaira, mugitu ginen. Toni Morrisonek berak ez zuen inoiz bere benetako izena zein zen jakin, zuriak jarritako izena bakarrik. Batek daki, agian, gure laguna bezala, ishen artekoa zen.

Hori bai, bere arbasoak Afrikatik eraman zituztela eta esklabuak izan zirela oso ondo zekien. Jakinduria horri esker mundu literario garrantzitsu bat sortu zuen. Nobel saria lortu zuen emakume afroamerikar bakarra da, oraingoz.

Hor nonbait, horrela hasi zen bere Nobelerako hitzaldia: "Behin batean, bazen emakume zahar bat. Itsua. Argia. Nik ezagutzen dudan bertsioan, emakumea esklabuen alaba da, beltza, amerikarra eta herritik kanpoko etxetxo batean bizi da (...) Beretarren artean, legea da, baita lege-haustura ere".

Jakina, ipuin horrek bertsio asko dituela, eta modu askotan has dezakegula oso ondo dakigu guk.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago