Zer da poesia?

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2021ko ira. 4a, 10:00

El Fayum-go erretratuak.

"Gure zientzia honek ere badu bere poesia, noski, nahiz eta metrikarekin zerikusirik ez izan"

Marc Blochek, mediebalista ospetsuak, ondorengo hau idatzi zuen: "Saia gaitezen historiari bere poesia zatia ez kentzen". Zeren gure zientzia honek ere bai baitu bere poesia, noski, nahiz eta metrikarekin zerikusirik izan ez.

Gazte nintzela, egun batean historiaren poesia aurkitu nuen. Historialaria orduz geroztik naizela esango nuke. Tutankamon egipziarrari buruzko dokumental bat ikusten ari nintzen, bere altxor guztiekin, kondaira misteriotsu harekin... eta, bat-batean, zerbaitek atentzioa eman zidan: antza denez, sarkofagoa ireki zutenean, momiaren gainean, lili sortatxo bat aurkitu zuten. Han zegoen bizitza, pilpirka. Lore hauen atzean zer zegoen pensatze hutsak hunkitu egin ninduen, eta gaur egun oraindik ere zirrara zortzen dit: Nork jarri zituen? Zergatik? Negarrez ari zen une hartan? Ni bezalako neska bat ote zen? Hara hor poesia.

Historiaren poesiaren beste adibide bat. Ikusi dituzue noizbait El Fayumeko erretratuak? Egiptoko txoko batean, duela urte asko, erromatarren garaiko erretratu errealista batzuk aurkitu zituzten, sarkofago batzuen gainean. Erretratu hauetan agertzen diren gizon-emakumeen aurpegiak oraindik ere begira dauzkagu. Hilda daude, iraganez gainezka, baina euren begiradek bizitza erakusten dute. Poesia hutsa. 

Tutankamonen lore sorta txiki hark zein El Fayumeko begitarteek gogorarazten digute, Bergerek esaten zuen moduan, iraganarekin bat egitea geure buruarekin bat egitea dela eta, ondorioz, gure ariman barrena sartzen garela; eta zure baitan barneratzen lagunduko dizun materia horiek guztiak, hain zuzen, poesia direla.

Areago, Marc Blochek esaten zuenean kontuz! historiari poesia ez kentzen saiatu behar genuela, beste hau esan nahi zuen, alegia, historiari ez dizkiogula bizitzaren taupadak kendu behar, ez baitugu inoiz ahaztu behar iraganean bizi zirenen ildo berean gaudela. Jakina, historia ez da hori bakarrik, gizakiak egindako gizarte-egiturak ere bada, baita gure oraina aldatzeko adibideak aurkitzea ere, iraultzen kontakizuna, errolda-zerrendak, behar bezala egindako oin-oharrak, liburutegian hara eta hona galdutako goizak… hori guztia ere bada, baina kontuz, saia gaitezen poesia ez kentzen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago