Koloreak

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2021ko uzt. 18a, 10:00

Arg: Pixabay

"Jakina da euskaraz urdina ez dela bakarrik kolore bat, edo gorria eremu kromatikoaz kanpo ere erabili ohi dela"

Gaur egungo koloreak izendatzeko erabiltzen ditugun hitzak konbentzioak dira. Are gehiago, esanahietako asko garai modernoetan finkatu dira. Metro bateko luzera edo litro bateko bolumena bezala, zer den berdea eta zer urdina duela gutxi erabakitako gauzak dira. Gu bizi garen garai merkantilizatu hauetan, gauzak ahal den konkretuenak eta deskribagarrienak izan behar dira. Industrializazioa, berez, ehungintzaren industriarekin hasi zen, eta han koloreen gaia ezinbestekoa zen.

Bestela ohituta bagaude ere, zaila da egun berehalakoan ohartzea, baina garai batean koloreak deskribitzeko erabiltzen ditugun hitzek koloreaz gain, besterik ere adierazteko erabiltzen ziren. Adibidez, jakina da euskaraz urdina ez dela bakarrik kolore bat, edo gorria eremu kromatikoaz kanpo ere erabili ohi dela. Ez da euskara koloreen hitzak horrela erabiltzen dituen bakarra. Bluek tristura ere badakar ingelesez, eta zer esan beltzari buruz...

Batzuetan, kromatismo zehatza jakin beharrik ez zen. Adibidez, Euskal Herrian, berdearen kontzepurik gabe oso ondo moldatzen ziren. Heze/ehiar, busti/lehor binomioak asko erabiltzen omen ziren. Eta antzinako Grezian, antza denez, ez zeukaten urdinik. Horregatik Iliadako itsasoa "ardoa bezain iluna" zen. Bide batez, urdina baino deskribapen askoz inspiragarriagoa. Berez, Grezian oso kolore-hitz gutxi zeukaten, zeren beste modu batean deskribatzen baitziren objektuak. Adibidez, chloros hitza berdearen baliokidetzat jartzen bada ere, batzuetan odola chloros ere izan da, eta malkoak! Hau da, ez da hainbeste berdea, baizik eta bizia, hezea edo freskoa. Kolore hitza bera ez da existitzen hizkuntza askotan, zeren kontzeptu horrek ez baitu zentzurik leku askotan, kromatismoa aldatu egiten baita denbora guztian.

Gaur egun, hiztegia pobretu ahala, gero eta kolore gehiago erabiltzen ditugu deskribapenak egiteko. Irakurtzen baduzue duela urte askoko literatura, ikusiko duzue koloreak ez zirela hainbeste erabiltzen, gauzak deskribatzeko izen zehatzak zeuzkatelako. Adibide gardenena gaur egungo naturaren inguruko ezjakintasunean ikusten da. Jarriko dizuet adibide bat: "Landa horretan koltza loretu da, mitxoletekin batera. Kardantxilo batzuk gelditu dira janarien bila. Telefono-kableetan erle-txoriak daude pausatuta". Hau esatean ez dut kolore bat ere erabili deskribatzeko, nahiz eta eszena kolore leherketa bat izan. Hitzak ezagutzen badituzue, gainera, tonu zehatzak ulertuko dituzue, eta jakingo duzue udaberri betea dela. Soinuak eta usain batzuk ere nabarituko dituzue, akaso.

Baina ez badakizue nolakoak diren koltzaren eta mitxoleten koloreak, edo kardantxiloaren eta erle-txoriaren itxura, orduan zentzu gabeko deskribapena izango da zuentzat. Aldiz, holako zerbait esaten badugu:"Landa hura lore txiki horiz bete da. Lore gorri bizi hauskorrek tintatzen dituzte ertzak, tantaka. Iritsi dira txori txiki batzuk ere, txirula-soinua eginez. Maskara gorri bat daramate eta hegaletan beltza eta horia dituzte. Zer esan telefono-kableetan daudenez...multikolore harrigarriak dira!", zerbait gehiago ulertuko da, nahiz eta ez den batere deskribapen zehatza; gainera, ikusmenak bakarrik hartzen du parte jokoan. Abstrazkio hutsa eta konbentzioak baino ez zaizkigu geratzen ari, eta gure inguruan deskribatzeko ahalmena galtzen ari gara. Honekin batera, mundua ulertzeko gaitasuna.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago