Euskara eta ni. Biografia txikia

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2021ko eka. 26a, 10:00

"Hitz batzuk ikasi ditut. Ez guztiak, baina elkarrizketa bati eusteko lain bai"

Idaztea elkarrizketa bat dela esaten dute. Elkarrizketa mota bat. Eta idazteko lehengaiak hizkuntzak dira, noski. Nik euskara erabiltzea erabaki dut, batez ere, Euskal Herriko lagunekin gauzak partekatzea interesatzen zaidalako. 

Lehen ez neukan horrelako interesik, katalana bainaiz eta duela hogei urte edo, euskaraz hitz bat bakarra bainekien: "Zorionak". Gabonetan, Bartzelonako bideetan jartzen zuten, apaingarri gisa. Dudarik gabe, ezin da dialogorik izan hitz apaingarriak soilik erabiliz.

Gero, Erroman, Ibai izeneko euskaldun bat ezagutu nuen. Urrutitik, euskara entzuten hasi nintzen. Telefonoz bere familiarekin hitz egiten zuen bakoitzean, hurbildu egiten nintzaion. Hitzak xuxurlak ziren. Urrutiko murmurio politak.

Gero Bartzelonara itzuli eta unibertsitatean hizkuntza ikasten hasi nintzen. Zu eta ni eta Parisen nago. Oraindik gutxiegi. Geroago kotxean ginen eta Paco Ibañezen cd-a entzuten genuen eta abesti hori erakusten zidan Ibaik…: "Maitiak galdegin zautan, polita nintzanez. Polit, polit nintzela baina, larrua beltz, larrua beltz...".  Zailegi.

Gero Euskal Herrira bizitzera etorri nintzen. Elkarrizketetan parte hartzeko  gero eta interes handiagoa neukan. Iaz, adibidez, liburu bat egin nuen, Elena Ciordiarekin batera, eta Euskal Herriko emakumeei buruzko hitz asko ikasi nituen, eta izenak eta beste gauza pilo bat. Esaterako, Sasiolaren eskutik jakin dut "Leku on bat dala Eskozia. Elai, lelo ibai lelo…". Eta nola, behar ezkero, hemengo emakume batzuk erreko zuten Aramaio guztia. Eta baita nola,  batzuetan, "hi hintzen ene argia, ene ogia, ene gasna". Penaz, jakin dut "neska mutilen itur ondoko egonak" bukatu direla. Baina elkarrizketak jarraituko du, jakina, oraindik, beste leku batzuetan, gazte arruntek koplak sortzen baitituzte. "Gauza ederra denik ez ukatu neri". Gainera, euskaraz herriak ere sortzen dira: Arranondo edo Obaba edo Arralde bera. Gauza asko egin daitezke.

Orain jada badaramatzat urte batzuk hemen, eta hitz batzuk ikasi ditut. Ez guztiak, baina elkarrizketa  bati eusteko lain bai. Eta zuekin konpartitu nahi nituzke. Gainera, zer eta sari bat eman didate. Arriskutsua da hori, abisatzen dizuet. Orain bai, hanka sartuko badut ere, hor jarraituko dut. Euskarak kontatzen didana oso interesgarria da niretzat eta zuekin komentatu nahiko nuke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago