Idazten duzunean, gauza abstraktuak ulergarri egiteko, sentimenduak adibidez, maiz metaforak erabiltzen dituzu. Batzuetan metaforak magikoak dira eta egia bihurtzen dira. Itsasoa, esaterako, mendebaldeko metafora erabilienetako bat da, itsasoaren elementu guztiak barne: irlak, oskolak, txalupak, nabigatzaileak. Eta beraiekin baita aditz guztiak ere: nabigatu –noski– ito, hondoratu, portura iristea...
Metafora, agian, Grezian hasi zen, metafora sortzeko garai oparoa izan baitzen. Beharbada, handik hartu dugu itsasoa bizitzaren ordezkari izatearen ideia. Adibidez, Eskilo izeneko idazle batek honela esanarazi omen zion Casandrari, K.a.-ko 458. urtean, Atenasko antzeztokian, hiltzear zegoela: "Dagoeneko ez naiz denboran zehar nabigatzen ari". Hemen denbora itsaso bihurtu da, edo itsasoa denbora.
Gizonek itsasoan denbora asko igarotzen zuten. Honen inguruan, Ausias March poeta katalanak Belak eta haizeak poema idatzi zuen. Horretan itsasoko bidaia bat maitasunak aurkitzen dituen oztopoen metafora handi bat da. Poeta nabigatzailea da eta amorantearengana iristeko laguntza eskatzen die haizeei, nahiz eta jakin, seguruena, bat ez datorren maitasuna izango dela.
Belak eta haizeak nire nahiak bete behar dituzte,
itsasoan zehar, zalantzazko bideak eginez.
Itsasoa denbora da, edo amets bat? Ez, Federico Garcia Lorcaren iritziz, ametsa denboraren gainean doa, bela-ontzi bat bezala nabigatzen. Hori idatzi zuen Denboraren kondairaren poeman. Urte batzuk geroago, Camaron de la Islak kantatu zuen poema hau, eta oraindik ere hunkitu egiten gaituzte hitz ameslari hauek.
Ez hori bakarrik, Xohana Torres poeta galiziarrak, 2001ean, Academia Galegan sartzeko hitzaldian, poema bat irakurri zuen: Nik ere nabigatu, Penelope eta bere amona Lolaren arteko elkarrizketa bat. Berriro itsasoa, batik bat, orain kostaldean geratzen diren emakumeen itsasoa. Zer da itxarotea? Nola ikusten da itsasoa hondartzatik? Olatuak oinak bustitzen dizkizu? Itziar Pascual dramaturgoak, adibidez, zera esanarazi zion Peneloperi: "Itxaroten ikasi dut. Baina ez beraiek pentsatzen duten moduan. Itxarotea erresistentzia modu bat da".
Gero eta hurbilago nago nire helburutik. Berriro emakume bat, baina Euskal Herrikoa. Hemen Eider Rodriguezek oso ondo ikusi zuen itsasoaren gaiaren garrantzia. Horregatik, doktoretza tesia Joseba Sarrionandiaren eta itsasoaren arteko harremanaren inguruan idatzi zuen. Itsasoa da bide bakarra lanean Rodriguezek esaten du Sarrionandiaren obran itsaso bat baino gehiago daudela. Sarrionandiak, besteak beste, itsasoaren inguruko informazio praktikoa ere ematen du. Ontzigintzaren olerkian, adibidez...
Txalupa bat egiteko, lehendabizi zura
aukeratu behar da
(...)
Eta ez balitz egurrik, ez astilerorik,
ez gila trinkorik
haurrek bezala tolesturiko paperezko untzian ere
abia zaitezke.
Eta azkenean, portua. Hau da, nigana iritsi naiz, mendeetan zehar, su txikian egindako itsasoaren metaforez inguratuta. Orain badakit itxaroten jakin behar dela, txalupa egiteko errezeta ere badut... prest nago, orduan, Gasteizko hirian nabigatzeko. Hala ere, kontuan izan, poltsikoan nire Mediterraneoko maskorrak daramatzadala. Nire hondartzan bilduak dira. Haiek ukitzeak lasaitu egiten nau. Hara hor egia bihurtutako metafora bat, hain zuzen.