Argazki-tranpa edo photo-trappinga animaliak ikertzeko teknika baten izena da. Basoan ezkutatuta, kokaleku zehatz batzuetan, naturalistek kamera batzuk uzten dituzte eta handik egun batzuetara atzera jaso. Emozioz irekitzen dituzte bideoak edo argazkien irudiak beren ordenagailuetan, eta bizitza agertzen hasten da: azeri urduri bat enbor horien gainean. Mika harro bat entretenimenduaren bila. Edo suge bat sigi-saga. Sagu txiki batzuk. Beharbada, egunen batean, ikaragarrizko zortea izango dute eta ezagutzen ez den espezie berri bat agertuko da. Txikia, urduria, alaia, beldurtia... baina gu bezalaxe munduan zehar ibili dena, guk jakin gabe.
Badago galdera filosofiko ezagun bat, irudi guzti hauekin harremana duena: Ikusten ez duguna, existitzen al da? Alegia, gizakiak bizitzaren kontzientzia daukagun animalia bakarrak omen gara. Orduan, ezagutzen ez duguna ez da existitzen? Nik baietz espero dut, biziki espero ere.
Agian, konturatu gabe, nitaz pentsatzen hasi naizelako. Ni hemen egongo ez naizenean ere bizitzak aurrera jarraituko duela jakin nahi dut, jakin behar dut. Miquel Martí i Pol poeta katalanaren poema datorkit gogora, Un dia seré mort du izena (itzulpen oso librea).
Egun batean
zenduko naiz
eta oraindik ere
arratsaldea izango da
kaminoen bakean,
ereintza berde berdeetan,
txorietan,
haize bare lagunkoian,
eta maite ditudan gizon ezezagun
horien pausoetan