Bihotz handiegiak

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2020ko urr. 1a, 11:05

'La mort de Guillem'

"1993ko apirilean, eskuin muturreko talde batek Guillem eta bere lagunei eraso zien..."

Urriaren 2an estrenaituko da Herrialde Katalanetako hiru kateetan, hau da Valentzia, Bartzelona eta Mallorcako telebista kateetan, La mort de Guillem filma. Lehenengo aldia da Herrialde Katalanetako biztanle guztiek aukera hori izango dutena, alegia, herri bera balitz bezala gauza bera ikustea telebistaren aurrean. Eta, zein da, bada, hori lortu duen pelikula? Guillem Agulló-ren hilketaren auziaz hitz egiten duena.

1993ko apirilaren 11ko goizaldean, eskuin muturreko talde batek Guillem eta bere lagunei eraso zien, Viva España eta Sieg Heil oihuka. Labankada bat sartu zioten Guillem Agullori bihotzean. Erasoa eta ondorioa ez da anekdota tragiko bat gehiago. Espainian eskuin muturrekoen inpunitatea ezaguna da, baina Valentziako herrian hori bereziki lazgarria da, eta hango independentziaren aldeko mugimenduak desaktibatzeko asmoaren barruan ulertu behar da. 2007 eta 2013 bitartean, esaterako, 29 lehergailu zenbatu ziren Valentziako kultur-elkarteen eta ezkertiarren egoitzetan.

Pasa den ostiralean, sarean filmaren abestia hasi zen zabaltzen. Nire mugikorrean agertu eta entzuten hasi nintzen. Lehenengo bertsoek Raimonen kanta baten antza handia daukate. "Jatorriak galtzen dituenak nortasuna galtzen du", zioen Raimonek, eta badirudi Xavier Sarriak ondu duen himno gisako kanta honek esaldi hau hartu duela oinarri.

Lehenengo bertsoak entzuten ari nintzenean, mugikorraren pantailan amaren mezu bat agertu zen, Argeleseko errefuxiatu-eremuan (Camp d'Argeles) egon zirenen datu eta esteka batekin.

 

"Cira, aitona Argeles eremuan egon zen"

Abestiaren bertsoak nire amaren hitzekin nahasten hasi ziren.

Ezin guztiei aurre egitetik nator

"Cira, begiratu esteka, mesedez, ea aitonaren izena han dagoen"

Bihotz-taupadak gure himnoak dira

"Mama, nola zuen izena? Ricardo Crespo?"

Haizeak bete-bete jo arren, ez dira izarrak itzaltzen

"Ricardo Crespo Crespo, uste dut"

Banator eta ez dugu amore ematen

 

Ez zegoen. Izena ez zen agertzen. Eseri eta negar egin nuen.  Abestia hitz hauekin amaitzen da: Guillemen hiltzaileek erraza zeukaten labanarekin asmatzen; hain zeukan bihotz handia. Eta, egia da, bihotz handiak hauskorrak izan daitezke, baina ezinbestekoak dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago