Neurriak hartzea

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2020ko ira. 13a, 10:02

Arg: Pixabay

"Ez daki etxepeko arbolaren izena zein den; fruituen usainak ez ditut bereizten..."

Enaren asaldura entzuten baduzu, udaren bukaera gorputzean sentituko duzu eta etorri behar duen hotzak ez zaitu ustekabean harrapatuko.

"Herrira iritsi nintzenean mutil batzuek gauza bakoitzak bere denbora zeukala kontatu zidaten. Kalakardo adarbakarra uztailean agertzen zen, inurri hegaldunek abuztuko amabirginaren euriak iragartzen zituzten, irailaren hasieran marisorginak..." idatzi du J. Guillamonek Les Cuques liburuan.

Inurri hegaldunen kilimen abisua.

1793an Frantziako Errepublikak egutegi berri bat antolatu zuen, kristau izen guztiak ezabatuz. Urteak naturaren arabera antolatu zituzten. Egileek esaten zuten asmoa zela "naziora nekazarien egutegia itzularaztea, urtearen zatiak ulergarriago adieraziz, herriari naturaren aberastasuna erakutsiz eta soroak maitatzen irakatsiz". Iraultzaren lehen urteak, ikusten den bezala, idealistak izan ziren. Sarrionandiak Hitzen ondoeza hiztegian ere azaltzen du nola Mauleko udal kontseiluko jauntxo batek egutegiaren izenak euskarara moldatu zituen. Urtea udazkenarekin hasten zen eta mahaxtea izan zen lehen hilabetea, Frantziako Errepublikaren lehen garaian.

Mahastiaren usain goxoaren esperantza.

Horren harira, orain dela urte batzuk irakurri nuen nonbait Kataluniako printzerriaren tamaina hiru egun zabal eta sei luzekoa zela, alegia, hiru eta sei eguneko ibilaldiak oinez, ertzetik ertzera, mutur batetik bestera, lurraldeari neurria hartu arte, eta bat-batean niretzat pausoen arabera zenbatuta herri honek gorputza hartu zuen, haragiztatu egin zen.

Sei eguneko ibilbidearen izerdiaren neurria.

Gure zentzumenen arabera neurtuko bagenu geure ingurua, geure herriak, ulertzen ez ditugun hainbeste gauza ulergarri azalduko litzaizkiguke eta, bide batez, inguratzen gaituenaz kontzienteago izango ginateke.

Baina, honezkero ez dakigu nolako herria daukagun. Nik behintzat, ez dakit etxepeko arbolaren izena zein den. Inguratzen gaituzten loreen koloreak baino ez dakizkit. Fruituen usainak ez ditut bereizten. Nire atzamarrek enborren azalaren mapa ez dute ezagutzen. Ez dakit alboko etxea marrazten ere. Gure ingurua ulertzeko ez ditugu gure zentzumen guztiak erabiltzen eta gaizki aditzen ditugu seinaleak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago