Lengoaiak

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2020ko uzt. 19a, 08:00

Arg: Pixabay

"Pixkanaka, irakurtzen ikasten nuenean bezala, txorien soinu batzuk bereizten hasi naiz"

Irakurtzeko gogoaz gogoratzen naiz. Txikitan, gau batzuetan, ohetik altxatzen nintzen amak irakurri berri zidan liburua apaletik hartzera. Eta zekarrena irakurtzen saiatzen nintzen. Jeroglifikoa deszifratzen. Baina oraindik ezezagun zitzaizkidan hizkien soinuak eta hitzak asmatu beharrean izaten nintzen. Gero etorri ziren hizki batzuen soinuak. Hitz batzuen esanahiak. Neure izena idazten ikasi nuen. Besteen izenak. "H" hitz misteriotsuaren soinuak harritu ninduen. Badira oraindik ulertzen ez ditudan hitz batzuk, irakurtzen hasi nintzenetik 30 urte baino gehiago igaro dira eta oraindik ez dut dena ulertzen.

                                                                                   ****

Konfinamenduaren garaiko goiz horiek ez dira ahazten errazak. Isiltasun hori, zarata sor hori, inoiz etortzen ez den ekaitza bezalakoa. Batzuetan, anbulantzien sirena hotsek isiltasuna apurtzen zuten. Beste batzuetan polizienek. Eta noski, txoriak, konfinamendu garaiko kaleko nagusi berriak. Ateratzeko baimena eman ziguten egun hartan goizean goiz jaiki eta berdetasunean murgiltzera joan nintzen. Eta txori kantu mota asko aurkitu nituen. Sinfonia polifoniko bat bezalakoa zen. Nik ez nuen ezer ulertzen. Ez nekien zer ari zen gertatzen nire inguruan. Oinak lurrean jarrita nituenik ere ez nekien. Orain ohitura bihurtu zait. Egunero joaten naiz txorien bila. Pixkanaka, irakurtzen ikasten nuenean bezala, laguntza pixka batekin, soinu batzuk bereizten hasi naiz. Eta, nire ustekaberako, orain nire ibilbidetxoan txori batzuk ezagutzen ditut eta ia egunero agur esatera etortzen zaizkit. Horietako zenbaitek eremu jakinak dauzkate, habiak eraiki dituzte bazter horietan. Bada bere arrautzak txitatzen bat. Orain, zentzugabeko berde hori, kolore zartatsu hori, inpresionisten margoaren itxura izateari uzten eta geroz eta lerro zehatzagoak hartzen ari da. Soinu batzuek izen eta abizenak dauzkate. Honezkero, nire leku bihurtu da, apur bat, ez bere jabea naizelako, ni neu ere horren parte naizen sentimendua sortzen ari zaidalako baizik. Munduraren esanahietara murgiltzeko modu bat baino gehiago daudela jakin dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago