Asturieraz

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2020ko eka. 7a, 12:00

"Oraindik hunkitu? Ez al da bere hizkuntza desagertu? Nola iritsi da gugana?"

Safo K.a. VII. mende hasieran bizi izan zen, irla txiki batean. Greziar dialekto txiki bat hitz egiten zuen, 10.000 lagunekin batera. Hitz xume haiekin poema erraldoi batzuk sortu zituen, oraindik hunkitzen gaituztenak. Oraindik? Zergatik? Ez al da bere hizkuntza desagertu? Nola iritsi da gugana? Modu askotan erantzun daitezke galderak, baina, egia esan, ez dakigu. Hizkuntzen bideak ezin asmatuzkoak dira.

Saforen aipamena Xaime Martinez poeta asturiarrari irakurri diot. Elkarrizketa batean azaldu zuen zergatik erabaki duen asturiera erabiltzea poesia egiteko. Erabaki ausarta, kontuan hartuta egun asturiera ez dela ezta hizkuntza ofiziala ere. Existitzen ez den hizkuntza batean idatziko du, inork kontuan hartzen ez duen hizkuntza batean, alegia. Zergatik? Bada, horregatik. Hain zuzen, urpeko hizkuntza bat erabiltzea asko interesatzen zaiolako.

Beste idazle asturiar batek, Xandru Fernandezek, justu kontrako erabakia kontatu zuen, ez zuela gehiago asturieraz idatziko. Amore eman zuen. Ez zion etorkizunik ikusten, desegiteko prozesuan zegoelako. "Nire liburuak ez dira jada irakurleekin elkarrizketa bat edukitzeko gai". Itxaropenik gabeko burubidea zen; baina zer egin zure hizkuntza desegiteko prozesuan badago? Zer egin ez badaukazu bailabiderik, araurik, ezta irakurlerik ere? Ez da erabaki erraza. Bere hitzetan, zure memoriaren haztegiaz baliatzera uko egitera behartzen zaitu; fikzioa idatzi nahi baduzu, pertsonaia artifizialak sortu behar dituzu, elkarrizketa imajinaezinekin, eta dena leku irreal batean. Distopia bat imajinatzera behartuta egongo zara zure sutondoko hizkuntza erabiltzen ez baduzu.

Saforentzat hau ez zen aukera bat. Eskura zeukan hizkuntza hartu zuen, barnekoa, eta ahopean arituko zatekeen bezala, poemak sortu zizkigun...

 

               Horrek, bularrean, bihotza asaldatu dit

               zeren unetxo batez begiratzen zaitut

               eta hitz bat ere ez dudala ahoskatuko

               ematen du...

                                       ***

               Egizu lo, maitea

               urrezko lore bat

               bezalakoa

               den Cleis

               izeneko alabatxo

               bat daukat....

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago