Perucho

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2020ko api. 24a, 14:05

Joan Perucho idazlea. / Wikipedia

"Bere literaturak ez du inor sendatuko, baina agian bada minak exorzizatzeko manera bat"

Hona hemen testutxo bat irakurzaleei eskainia.

Ea, maiteok, gaur, autofikzioaren garai honetan –neure buruari buruz hitz egin nahi dizuet garai honetan, ipuin honetan ez da ezer gertatzen baina, egiazki, gertatzen den garai honetan– ez al litzaizueke gustatuko zerbait ezberdina irakurtzea? Esate baterako, errealismo-magiko-historiko eleberri distiratsu bat? Edota fantasia umoretsu bat, Lovecraften ukitu sotil batekin? Edota Mediterraneoko argiarekin egindako literatura pixka bat? Bada, Katalunia aldean izan zen idazle bat, Joan Perucho izenekoa, hau guztia idazten zuena; oso ondo, gainera. Ponpoxo jarrita, idazle katalan unibertsal bat da, dudarik gabe. Justu aurten, 2020an, 100 urte beteko zituzkeen. Aitzakia honekin, Generalitateak 2020a Any Perucho izendatu du.

Baina bere literaturari buruz datu gutxi batzuk gehiago emango dizkizuet. Adibidez, bere lanetan Ebro inguruak hain maiz azaltzea ez da kasualitatea, han bere bizitzako egunik latzenak izan zituelako, hain zuzen, Gerra Zibilaren garaian. Hori dela eta, Ebroko lurraldeko minaren aztarnak ikusarazten dizkigu, banpiro, santu, detektibe edota pertsonaia historiko asmatuen laguntzaz. Bere literaturak ez du ziurrenik inor salbatuko (eskerrak!), baina, sakonean, agian bada bai, minak exorzizatzeko manera bat. (Eta, bat-batean bururatu zait sorkuntzaren kontu hau beti minaren inguruan ez ote dabilen).

Berez, Gerra Zibilaren ondoren epailetza oposizioa gainditu zuen eta, hara, justu Ebroko herrialdeetan aritu zen jardunean (behin eta berriro zaurira bueltaka). Baina, galdera da, eta epailea izateko ez al dira ezinbestekoak ziurtasunak? Posible al da dudaz betetako epailea izatea? Hau da, izan al liteke inor epaile sortzaile izanik? Ozta-ozta. Berez, bere bizitzaren amaieran zera aitortu zuen: "Niretzat oso lan deserosoa izan da". Agian, horregatik ere esan zuen: "Niri ez zait gustatzen errealitatea, ezta gure garaia ere. Niri interesatzen zaidana ispiluen atzean dagoena da, santuek ezagutzen eta poetek igartzen dituzten sekretuak".

Bada, gezurra badirudi ere, lan interesgarri eta garrantzitsu honen adibiderik ez daukagu euskaraz. Peruchoren urtea izanik, agian aukera paregabea izan daiteke bat euskaratzeko, ezta?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago