Egin ezazu proba: zure aurrean dagoen pertsonari begiak arretaz begiratzen badizkiozue, irisean irudi txiki baten isla ikusiko duzue, pertsona txiki baten modukoa. Horregatik, begi zati horri euskaraz ninia esaten zaio eta latinez pupila. Izan ere, hizkuntza askotan irisaren barrukoak "haurtxoa" edo "neska txikia" esan nahi du. Baina ea, zein da besteen begietan ikusten dugun neska txiki hori?
Geure burua, noski. Geure isla. Neska txiki hori gu geu gara.
Hots, besteen begietan gu gaude. Honek guztiak ardura eskatzen du, beste pertsonengan gure zati txiki bat dagoelako. Eta, alderantziz, mendekoak eta behartsuak gara, besteren begietan denok niniak baino ez garelako.
Ildo honetatik, joan den egunean, Marcia Tiburiari egindako elkarrizketa irakurri nuen. Bera brasildarra da, eta, besteak beste, ¿Cómo conversar con un fascista? (Inter Pares argitaletxea) liburua atera berri du. Han, gaur egungo Brasilgo egoera politikoa aztertzen du eta irtenbide batzuk ere proposatzen ditu. Besteak beste, politika demokratikoak besteenganako jarrera ireki bat ekarri behar duela esaten du, faxismoak proposatzen duenaren justu kontrakoa, alegia. Berez, faxista bat antzematerako orduan ezaugarri garrantzitsu bat da bestea ezagutzeko ageri duen ezintasuna. Izan ere, faxismora ez hurbiltzeko gakoa besteen ezagutzan datza. Ikusten duzuen bezala, gaur egungo faxismoaren arazoaren aurrean, Marciak hurreratze humanista proposatzen du, eta, alde horretatik, nik hurbileko sentitzen dut. Gauza askoren sendabidea besteen begietan geure burua bilatzea dela uste dut.
Hala ere, gauzak ez dira hain errazak, hau guztia burutzeko solaskidea behar baituzu. Marciak, adibidez, herrikideekin elkartzea zail dauka, herio-mehatxu batzuk jaso ondoren erbestera joan behar izan duelako bizitzera. Eta, hala, gaur egungo munduaren egoera zakarra laburbil dezakegu.