Estandarra, neutralitatea edo hegemonia oso hitz potoloak dira. Gaur egun asko erabiltzen dira. Nire ustez, hitz hauen erabilera aipatzean molde inposaketa bati buruz ari gara, besteak beste. Estandarraren moldeak lerro zorrotzak eta argiak dauzka, jende gehienarentzat deserosoak. Modernitatearen garaian hasi zen eraikitzen.
Ezusteko lekuetan egiten dugu topo beraiekin, gure intimitatearen barru-barruan, gure etxeetan. Adibidez, orain dela mende batzuk Frantziako hiriburuetan iraultza burges txiki bat hasi zen: jauregietako sukaldeetan janaria berrasmatu zuten. Oturuntza eszenaratzea edo, beste modu batean esanda, aberastasuna eszenaratzea. Hala, XVI. mendean oturuntzak korapilatu eta platerak eta mahai-tresneria ezberdina ateratzen hasi ziren. Baina garrantzitsuena eta benetako ezberdintasuna banakako "zerbitzuaren" kontzepzioa izan zen. Otordua kontzepzio kolektibotik indibidualera pasatu zen. Ez zen arraroa, gizarte guztian banakotasuna indartu baitzen garai hartan, gaur egun arte.
Bitartean, etxe umiletako jendeak mende batzuetan zehar lapiko berdinetik jaten jarraitu zuen. Estandarraren inposaketa ailegatu arte. Noiz izan da hori? Bada, leku guztietan momentu ezbedinetan. Batzuetan XVII. mendean, beste batzuetan XIX. mendean...eta batzuk atzo bertan. Kontua da, gaur egun Mendebaldeko etxe guztietan plater bi edo hiru erabiltzen ditugula otordu guztietan, bakoitza bere tresnarekin. Ez hori bakarrik, ondo jateko ez dago nahikoa plater batekin, lehenengoa, bigarrena eta, noski, postreak behar ditugulako. Horrek lan handiagoa ekartzen digu, gure baliabide apalekin ohitura burges batera moldatu behar dugu eta. Ez gara konturatzen ohitura hauek etxe handietarako daudela pensatuta... edo, hobeto esanda, morroiak dauzkaten etxeetarako. Eta guk gure bi edo lau besoekin iritsi behar dugu estandarrera, orrazkera desegin gabe.
Eta horrela gertatzen zaigu gauza askorekin, gaur egungo etxeak XIX. mendeko hirietako burgesiaren moldea dutelako oinarri; bere janari korapilatsuekin, bere familia txiki eta nuklearrekin eta bere txoko guztiak ondo txukun eta garbi-garbi eduki beharrarekin, eszenatokira igotzeko prest.