Asmakizuna

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2019ko ira. 12a, 14:04

"Idazten dugunean pentsamenduez hausnar dezakegu, mundua ordenatu, aukerak zabaldu..."

Noiz hasi zen idazteko ohitura? Zergatik? Zerk eramaten gaitu pentsamenduak finkatzera? Esaten dute lehen hitzak erroldak edo kalkuluak egiteko idatzi zirela. Hau da, idazketa burokraziarekin lotuta dago, edo, beste modu batean esanda, gizartea eta boterea korapilatzean hasi behar izan dugu idazten.

Mesopotamiako buztinezko taulatxoak eta Egiptoko hieroglifikoak azaltzen direnean, aldi berean boterea, ezberdintasuna eta sufrimendua ikusten ari gara. Eta aldrebes, historiako zulo beltzetan, non ezer ez den idazten, non jauregiak edo ondansunak ez diren agertzen, –adibidez, Greziako mundu arkaikoa baino lehen, edo Erromako Inperioa erori eta gero– jende arruntarentzako urrezko garaiak izan omen ziren. Izan ere, idazkerak injustiziaren oroitzapena ekartzen digu.

Baina ez hori bakarrik. Egun batean Borges jaunak esan zuen: "Gizakiak asmatutako gailuen artean, liburua da harrigarriena. Besteak gorputzaren luzapenak dira... liburua da irudimenaren eta oroimenaren luzapena". Idazten dugun bitartean gure pentsamenduez hausnar dezakegu, gure mundua ordenatu edo eta aukerak zabaldu. Arma boteretsua da hau.

Horregatik, seguru asko, Rapa Nuiko gizon-emakumeek konkistatzailearen superboterea ikustearekin batera, idazteko modu berri bat asmatu zuten. Badakigu bere izena: rongo-rongo (mezu haundia) baina ezin dugu irakurri, erabiltzen zuen jendea desagertu baita. Rapanuitarrak eskablo bihurtu zituzten eta ia guztiak Perura eraman zituzten. Bere altxorra hilobira eraman zuten. Rongo-rongoa, behintzat, lazturaren testigantza da.

Horregatik, seguru asko, Txinako hegoaldean emakumeek idazkera sekretu bat asmatu zuten, nushu izenekoa. Amek alabei emana. Harekin Hiru eguneko gutunak idazten zituzten. Hots, ezkontzako hirugarren egunerako abestiak. Emakumea hil ondoren su ematen zieten. Emakume batek zera idatzi zuen:

Iturriaren ondoan,

ez dugu egarririk.

Ahizparen ondoan,

ez dugu itxaropenik galtzen.

Azken finean, gure asmakizuna boterearen arma gisa asmatu bazuten ere, jaio zenetik kontakizuneko tresna ere izan da, eta aukera asko ditu; besteak beste, subertsiorako erabiltzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago