Oraindik, 2019ko udaberrian, gure alabak ia egunero galdetzen digu non bizi den otsoa; gure etxetik gertu ala urrun? Lasaitzeko, otsoa oso urrun bizi dela erantzun behar izaten diogu beti.
Otsoa animalia bat da, eta baita gure beldur atabikoen pertsonifikazioa ere. Hori bere kontra doa. Egun hauetan otsoaren inguruko berri batzuk ari dira ateratzen. Esate baterako, Iberiar penintsulan oso otso gutxi daudela eta ekologistek berriz sartu nahi dutela, eta honen aurrean beldur atabiko hauek eta kapitalismoaren praktikak agertzen dira.
Ganaduzaleek eta artzainek beldurra daukate, otso hiltzailearen beldur dira. Gaztela-Mantxako agintariek muturreko irtenbidea eman diote: eskopetak banatu eta ikusten badute, tiroz jo eta akabatu. Ekologistek eta abeltzain batzuek, berriz, irtenbide baketsua proposatzen dute, beraientzako otsoa ez baita arazo handiena. Abereak bakarrik daudenean soilik egiten diete eraso otsoek, eta hortxe dago koxka: gaur egun, ganadua bakarrik denbora asko egoten da mendian, jabeek beste lan batzuk dauzkatelako. Horregatik aipatu dut lehen kapitalismoa, gaurko praktika ekonomikoek horretara bultzatzen dituztelako abeltzainak: lan produktiboagoa egitera (kamioia gidatu, fabrikan lan egin, eta abar). Beraz, ganadua ez dago lehen bazala zainduta.
Otsoei esker, ganaduzaleak ganaduaren gainean egon eta zaintza gehiago behar dutela ikusten ari dira. Horregatik, otsoak dauden lurraldeetan ohiturak aldatzen ari dira: ganadua ez da inoiz bakarrik gelditzen eta mastin txakurrak berreskuratzen ari dira, oso egokiak baitira otsoen aurrean. Horrela, otsoa ez da hurbiltzen eta, bide batez, abereen emankortasuna nabarmen hazten da. Ardiak eta behiak elkarren konpainian hobeto daude.
Ez al da berezia ikustea nola konpobidea, berriro ere, zaintza den? Zaindu ondo, denbora hartu eta arduratsu izan. Izan ere, bizitzaren alde handi bat lana ondo egitea da. Nik nire moduan egingo dut eta nire umeen beldurren ardura hartuko dut. Bitartean, agian artzain batzuk ardiak zaintzen egongo dira. Zorte on, lankideok, ez da batere lan erraza.