Joan den abenduan, eskuin muturreko alderdi espainol batek, Vox izenekoak, oso emaitza ona atera zuen Andaluzian. Bere boto-emaileen artean %72 inguru gizonak omen dira. Emakumeak maite ez dituzten gizonak, edo, hobeto esanda, bizitza maite ez dutenak.
Erromatarren garaian, bizitza eta ideologia jainkoen panteoiaren bidez ordenatzen zuten. Beti bezala, jainkoei esker justifikatzen zuten bizitza. Erritual ezberdinak zeuden, batzuk komunitarioak, beste batzuk intimoagoak (erritu misterikoak). Erritu misterikoen artean, ia guztiek zerikusi handia zeukaten emakumearekin, eta ia denetan jainkoren baten sufrikarioa agertzen zen, berarekin enpatizatzeko aukera ematen zuena.
Bazeuden, halere, salbuespenak: Mitra jainkoarena, adibidez. Berak ez zuen inoiz eragindako minik ordaintzen. Mitra indartsua zen, beti irabazlea, sekula ere ez galtzailea. Hiltzalea ere bazen. Zezenaren hiltzailea, zehazki. Ez da kasualitatea, Mitra erromatar militarren artean oso estimatua izatea, ezta emakumeek bere errituan parte hartzea debekatuta izatea ere. Are gehiago, bere garaian argi zeukaten: "Mitrak emakumeak gorrotatzen ditu" (De Fluv. 23). Berez, bestearen sufrimenduan sustengatzen zen ideologiari eusten zion Mitrak.
Mitra aipatu dut adibide gisa, ikusteko nola patriarkatuaren ideologiak mendeak zeharkatu dituen. Oraindik orain, eskuin muturreko alderdi horrek zezenaren hilketaren sinbolismoa ere goraipatzen du, Errekonkista, Espainiaren mamua, maskulinitatea, txuritasuna eta, orokorrean, menderaketa guztiak jartzen ditu mahai gainean: arrazari, generoari, nazioari eta klaseari dagozkionak (Hauek bai direla intersekizonalak!). Gizon hauek, intimitatean, mundua bere menera egotearen ameskeriak darabiltza. Emakumeak gorrotatzen dituzten gizonak gure artean daude, bere biolentziaz betetako beldurrarekin.