Erromatarrek ondare kultural erraldoia utzi ziguten. Europa osoa eta Mediterraneoko kosta guztia marmolezko hondakinez josita daude. Kultura erromatarra azaltzen duten hitz asko ere kontserbatzen dira, denak latinez. Kultur-hondar hauei esker, Erromaren irudi bat eraiki dugu: hiritarren inperio bat, marmolez egindakoa eta latinez pentsatzen omen zuena. Oso kultura homogeneoa eta aberatsa. Baina, zorionez, zikinkeriak eta salbuespenak oso gaizki ezkutatzen dira, horretarako ahalegin handia egin behar da-eta. Horregatik, batzuetan, errealitate ezberdinak (konplexuagoak eta mingarriagoak) herabeki agertzen dira. Izotzmendiaren tontorra dira.
Ovidio, adibidez, poeta handia zen, latinaren maitalea. Idatzi eskandalagarri batzuk egin eta gero, Augustok erbestera bidali zuen. Hain zuzen ere, Tomis hirira, Pontoko hiriburura, Itsaso Beltzaren bazterrean. Egonaldi honi esker, gutun aipagarriak idatzi zituen, Pontikak izenekoak; hauen bidez bueltatzeko baimena lortu nahi zuen, eta horregatik bere egoera penagarria azaldu behar zuen. Hari esker dakigu Tomis hirian, nahiz eta itxuraz guztiz erromanizatuta egon, ia inoiz ez zela latinez hitz egiten. Ovidiorentzat infernuaren parekoa zen. Gutunetan herrimina eta bere hizkuntzarekiko maitasuna agertzen da, eta beste hizkuntzarenganako mespretxua. Marmolaren azpian, hegemonia kulturalaren azpian, errealitate ezberdin asko zeuden; herri zapaldu asko zeuden, ia batek ere ezin zuen erresistitu, eta gaur egun gutxi batzuk baino ez dira ezagutzen.
Egun hautean, bada mundu guztiak aipatzen duen film bat, Roma izenekoa. Printzipioz, ez dauka zerikusirik antzinako Erromarekin...baina baietz esango nuke. Hemen ere, hegemonikoa ez den errealitate bat agertzen da. Zuzendariak film intimo bat egin omen du. Txikitan eduki zuen neskamearen argazki atsegina da. Eta, kasualitatez edo ez, Ovidiok bezala, beste kultura bat islatzen du, beste hizkuntza bat, Mexikoren bihotzean. Cleo, protagonista, mixteka da. 2000 urtean 446.236 hitzun zituen mixtekak. Eskubide linguistiko gabeko 446.236 herritar. Horregatik, Cleo zapalkuntza kolonialaren lekukoa da, besteak beste. Eta, bere hitz arrotzen bitartez, errealitatearen konplexutasunaz jabetzen gara.
Atzo eta gaur, homogeneotasun kulturalak estalitako bizitzak daude. Estatu zapaltzaileen azpian herriak daude. Erresistitzen duten herriak. Idatzita ageri ez diren herriak. Amore ematen ez duten herriak. Izotzmendiaren tontorrak.