Hitzaren indarra

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2019ko ots. 22a, 08:00

"Idazten duzun bitartean, munduak birsortzen dituzu, esanahi desberdinez betez".

Hizkuntzak elkarrizketak dira. Bestearen beharra dute eta enpatiatik sortzen dira. Umeak egun batez bere banakotasunaz konturatzen dira, beste pertsonak ere existitzen direla ohartu eta komunikazioaren grina agertzen da. "Egarri naiz" eta "ura" esaten dute, eta mundua aldatzen da: hurbilekoak laguntzen diolako. Berez, magikoak dira hitzak. 

Lehen hitzarekin erabakia hartzen duzu: zure komunitateak elkarri eragitea. Hizkuntza bat baino gehiago menperatzen baduzu, erabakia kontzienteagoa izaten da. Zeinekin hitz egin nahi duzu? Norekin nahi duzu elkarreragin? Gero gauzak korapilatu egiten dira. Beharrak sakondu egiten dira. Agian, zure buruarekin hitz egin nahi duzu. Agian, zerbait gogoratu. Horregatik, hizkuntza finkatu nahi baduzu, hitzak orri zuri bati lotzen dizkiozu: idazketa. 

Idazketa denboraren poderioz mantentzen denez, ekintza sakonagoa izan daiteke. Izan ere, idazten duzun bitartean, munduak birsortzen dituzu, edo esanahi ezberdinez betetzen duzu mundua. Ez da bakarrik zure aurrean dagoenarekin hizketan egitea, baita zure arbaso eta gerokoekin harremana sortzea ere. Are gehiago, hizkuntza batean idaztea aukeratzen duzunean, sistema kultural oso batekin mantentzen duzu elkarrizketa.

Imajina ezazue neskatxo bati buruzko ipuin bat. Egun batean, bere herritik eta bere hizkuntzatik aldendu behar izan zuen. Inork ez zekien bere izena, amak ipinitakoa. Ez ahazteko, noizbehinka ozen esaten zuten, baina beldurra zeukan. "Eta ni desagertzen naizenean, nor gogoratuko da nire izenaz?". Egun batean emakume zahar batek teknika berri bat irakatsi zion: idazketa. Horrekin bere izena jarri ahal izan zuen, eta izena mantendu. Izena finkatuta ikusi zuenean, esanahiez betetako ikurrarekin, negarrez hasi zen, pozik. Ikusi duzuen bezala, nortasunari buruz ari gara hizketan.

"Ez dut munduan ezagutzen hitzaren indarra daukan beste ezer. Batzuetan, hitz bat idazten dut eta hari begira geratzen naiz, dirdirka hasten den arte", esan zuen Emili Dickinsonek. Idazketarekin airean dauden hitzak etorkizunari lotzen dizkiogu, gure identitatea islatzeko eta elkarrizketa imajinaezinak mantentzeko. Ikusi duzuen bezala, hitzak magikoak dira. Hori dela eta, hemen nago ni: nahiz eta katalanez idazten dudan nire izena beti, euskeraz idazten saiatzen naiz, hitz arrotz bakoitza kontuz aukeratzen dut, eta begira geratzen natzaio, hitza dirdirka hasten den  arte. Eta zergatik ahalegina? Bada, nire joko-lagunen mundua partekatu nahi dudalako, etorkizunerantz doan elkarrizketa honezkero luze honen parte izanez. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago