Apaporis ibai bat da, Amazonasen adar bat, zehazki. Gaur egun Kolonbiako oihanean kokatuta dago. Egia esan, gaur denok gaude estatu batean edo bestean kokatuta. Horren kasuan, Kolonbian egoteak gatazka handiko leku batetik igarotzen dela esan nahi du.
Ibaiaren ibilguan giza talde batzuk bizi dira, gerrillari eta paramilitarrekin batera. Hau da, mugako ibaia da, baina muga hori ez da herrialde muga arrunt bat bezalakoa, Mendebaldeko ziblizazioari hasiera eta amaiera jartzen diona baizik.
Hots, kapitalismoa olio orban bat bezala leku guztiera zabaltzen da, eta ematen du ez dagoela lekurik zikinkeria horiek gabe. Baina, orandik, dirurik edota erlojurik erabiltzen ez duten irla batzuk daude; hierarkiak eta boterea beste modu batera antolatzen diren lekuak dira horiek.
Apaporis ibaiko komunitateak, adibidez, gure bizimodutik erabat aldenduta daude. Horrek ez du esan nahi euren bizitza erraza denik. Ez dira paradisuan bizi. Nekez ateratzen dute bizimodua egunero. Batez ere, guk zailtzen diegulako. Hala eta guztiz ere, nahiago dute han bizi, gure artean bigarren lerroko pertsona gisa bizi baino.
Joan den egunean Apaporisi buruzko dokumental bat ikusi nuen telebistan. Han azaltzen ziren gizon-emakume hauskaitz haiek beren mundu sakon eta beharrezkoarekin. Zergatik beharrezkoa? Besteak beste, beste mundu batzuk badaudela erakusten digutelako. Mundu ezberdin hauek desagertzen badira bestelako mundurik imajinatzeko aukera ere ez da izango.