Hainbat instantziatatik salatu dugu heriotza zigor estrajudiziala aplikatu izan dela Espainiako espetxeetan, errepresio burokratikoaren ondorioz; hau da, logika gaizto eta sotil baten ondorioz, azkenean preso askoren heriotza eragiten duena, Igor Gonzalez euskal presoaren azken heriotzaren kasuan gertatu den bezala.
"Babes politiko, familiar eta soziala duen euskal presoa izan ez balitz, kartzelako administrazioak ezkutatu egingo zukeen heriotza hori"
Itxuraz "bere buruaz beste egin duen" pertsona baten heriotza; zigorra legeak aitortutako eskubideak errespetatzeko baldintzetan bete izan balu, gaur egun bizirik eta kalean egon beharko lukeena. Legez kanpo funtzionatzeko estatuak duen gaitasunak -kasu batzuetan zigorgabetasun osoz- eta espetxe-legea beste ezeren gainetik zigortzeko arma edo tresna gisa interpretatzeak eta aplikatzeak, sarritan, hau bezalako zorigaiztoko amaierak eragiten dituzte.
Zorionez babes politiko, familiar eta soziala duen euskal presoa izan ez balitz, kartzelako administrazioak ezkutatu egingo zukeen heriotza hori, azken 40 urteetan espetxeetan hildako milaka presorekin egin duen bezala. Baina, normalean, estatuak bertsio zital, fribolo eta autojustifikatzaile bat egiten du, gertaerak justifikatzen dituena eta enpresa mediatiko hegemonikoen bidez zabaltzen dena. Gertatutakoaren bertsioa zabaldu eta manipulatzen du, gertatutakoarekin zerikusirik ez duten gaiak nabarmenduz.
"Espetxean, suizidioa heriotza zigorraren aplikazio estrajudiziala baino ez da; sufrimendua jasateko ezintasunaren emaitza"
Espetxean, suizidioa heriotza zigorraren aplikazio estrajudiziala baino ez da. Izan ere, preso baten espetxeratze-baldintzek eragindako sufrimendua jasateko ezintasunaren emaitza zuzena da, eta, batez ere, suizidioak prebenitzeko dauden protokoloak aplikatzen ez direla edo funtzionatzen ez dutela egiaztatzea.
Espainiako Gobernuak ez du batere nabarmentzen berari dagokiona eta, izatez, bera inplikatzen duena. Igorrek 15 urteko zigorra bete zuen, bere familiarengandik eta ohiko bizilekutik urrun. Kondenaren iraupenak eta espetxean emandako denbora luzeak haren osasun egoera pixkanaka hondatzea ekarri zuten, zalantzarik gabe.
Espainiako espetxeratze-baldintza penagarriak etengabe salatzen dira nazioarteko instantzietan, eta salaketa horiek sistematikoki isilaraziak dira; baina legeak jasotzen ez zuen sufrimendu gehigarri bat ziren Igorrentzat. Faktore horien guztien metaketa estres-injekzio iraunkorra da presoengan, eta heriotza eragin dezaketen patologia fisiko zein mentalak izateko arriskua areagotzen du.
"Kartzelizidioa saihestea lehentasunezko gaia izan beharko litzateke alderdi politikoen arteko estatu itunetan"
Kartzelizidioa saihestea lehentasunezko gaia izan beharko litzateke alderdi politikoen arteko estatu-itunetan. Euren burua demokratikotzat jo eta bizitza beste ezeren gainetik defendatzen duten alderdi horiek; eta, estatuak eragindakoa izan ezik, indarkeria mota oro gaitzesten dutela dioten horiek.
Izan ere, estatua bere zaintzapean dauden pertsonen heriotzak ezkutatzeko moduaz baino ez da kezkatzen, horietan izan dezakeen erantzukizuna ukatuz, edo, bestela, biktimak eta haien senideak mespretxatuz.
Igor Gonzalez Sola preso bilbotarraren familiari doluminak eta elkartasuna helarazten dizkiogu, eta jende guztia gonbidatzen dugu publikoki adieraztera.
Igor, agur bero bat.
Cesar Manzanosek gaztelaniaz idatzitako jatorrizko iritzi artikulua euskaratu dugu ALEAn.
Mobilizazioa Amurrion
Kanpezuko mobilizazioaz gain, dozenaka herritar bildu ziren larunbatean Igor Gonzalez Solaren heriotza salatzeko Amurrion eginiko mobilizazioan. Bilboko euskal presoa iragan ostiralean hilik agertu zen Martuteneko bere ziegan. Bideoa Aiaraldea.eus bidez: