Pilar Unzaluren oroitzapenetan

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2021ko ots. 18a, 09:03

"Pilarrek ondo ezagutzen zituen politika eta politikariak, alderdikoak eta alderditik kanpokoak: bazekien noiz, nola, norekin"

Armentiara nijoan lagunekin San Prudentzio egunean, eta Pilar jadanik bueltan zetorren. Elkarrekin hartu genituen kirol-oinetako berdinak generamatzan biok bospasei urte beranduago (eta ez ziruditen zaharrak). Bezperan elkarrekin egon izan bagina bezalaxe mintzatu ginen bagenekizkien gaiez eta artean sortutako berriren batez. Egun hartan bai, eta hurrengoetan ere bai, noizbait elkarri deitu eta kafea hartzekotan gelditu ginen.

Artean orduak, egunak, hilak eta urteak aurrera joan dira, ez-arian, ziztada batek denboraren iragana ez dela betierekoa, mugatua dela gogoratu didan arte.

Zerk bildu gintuen, eta Patxi Lopez lehendakariak gobernu parekidea eta arabar bi gutxienez izan nahiak. Pilarrek ondo ezagutzen zituen politika eta politikariak, alderdikoak eta alderditik kanpokoak: bazekien noiz, nola, norekin. Pilar ETAren dianan etengabe egotetik ere bazetorren. Fernando Buesaren erailketaren ostean urrats bat aurrerago egitetik. Alabaina, nik ez nuen bera ezagutzen, eta orain badakit zergatik.

Guggenheim izenak batu gintuen gehienik, Ingurumen eta Kultura sailek elkar hartuta lehen lerroan aurre egin behar izan baikenion Urdaibai biosferako erreserban egin nahi izan zuten zorakeria hari. Huraxe bai lana, gutarren artean ere zalantzak sortzen zituen-eta. San Prudentziotan Jaurlaritzaren ordezkari Miguel Asurmendi apezpikua zenari mezan entzuten eta Xabier Agirre ahaldun nagusi zena dantzan ikusten hiru urtez joan beharrak ere batu gintuen. Bai eta norbanakoak elkarrekin batzen dituzten hari ikusezin horiek. Emakumeak batzen dituztenak batik bat. Konplizitateak.

Hedabideetan irakurtzen ditudan adjektiboak berpasatu eta baietz esan diot neure buruari: txukuna, arduratsua, ganorazkoa, adeitsua… Denek ondo ematen dizute, Pilar. Apala eta irmoa esango nizuke nik. Hitz egin behar dutenean (bakarrik) hitz egiten duten horietakoa zinen. Hitz egiten dutenean denek entzuten dutenetakoa. Erantzunkizunei heldu bai, baina aukeran protagonismorik ez. Iraupen-lasterkaria. Irrifartsu, positibo eta umore onekoa, baina serio-serio-serioa. Ez amore eman, ez kikildu; beharbada tarteka negar egin bai, baina betiere eutsi eta irauten dutenetakoa.

Politikariok denok berdinak zaretela diotenek gezurra diote. Zu ez zinen berdina: lan eta lan igaro duzu zure mendea, Pilar, eta patu gaiztoak ukatu dizu erretiroaz gozatzea. Bat-batean joan zara, goizegi. Gehienon isilean. Espanturik gabe. Zinen bezalakoxea.

Lurra leuna izan dakizula.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago